SEXU ABUSUAK

Nafarroako Elizako sexu abusuen errealitatea liburu batean bildu dute

Sexu abusuen biktimen elkarteak, Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak elkarlanean osatu dute azterlan «aitzindaria». Arlo akademiko anitzetako adituek parte hartu dute: tartean, historia, zuzenbide eta psikologia alorrekoek. Kasuak aitortu eta argitu ditzala eskatu diote Elizari.

Gaur Iruñean aurkezturiko liburua. IÑIGO URIZ / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko otsailaren 19a
11:03
Entzun

«Isiltasun aro luze bat hausten du liburu honek». «Beste alde batera begira egon gara urte luzeetan». «Entzunarazi behar dugu gizartearen ahotsa». Hiru esaldi horiekin laburbildu du Eduardo Santos Nafarroako Migrazio Politika eta Justizia kontseilariak gaur goizean Iruñean Nafarroako Elizako sexu abusuei buruz aurkezturiko liburua egitearen arrazoia. Nafarroako Gobernuak, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Elizako sexu abusuen elkarteak elkarlanean osatu dute 300 orritik gora dituen azterlan «aitzindaria». Santosen hitzetan, hain justu arrazoi horregatik beragatik baita berezia eta lehena: administrazio publikoak, unibertsitateak eta biktimek elkarrekin osatu dutelako.

Arlo anitzetako adituek parte hartu dute liburuaren osaeran, sei atal nagusitan banatuta: lehendabizikoan, Elizaren indarkeria aztertzen du Esther Aldabe Monrealek, ikuspegi historikotik; bigarrenean, Gema Varona Martinezek arlo kriminologikotik ikertzen du auzia; Maria Teresa Compte Grauk erasoak jasan dituzten emakumeen errealitatea ekartzen du argitara; Mikel Lizarragak zzuzenbidearen begirada ematen dio; Roldan Jimeno Arangurenek Irlandako kasua ekartzen du ikuspegi juridikotik; eta, azkenik, Josean Etxauri Tijerasek psikologiaren arlotik aztertzen du sexu abusuen kasua. Testigantzak bildu dituzten kazetarien eta biktimen beren testigantzak ere badakartza azterlanak.

Adingabeei egindako sexu abusuak Eliza katolikoan du izenburua liburuak, eta bigarren izenburuak argitzen du lanaren helburua: Nafarroatik, egia, justizia eta erreparaziorantz. Hain justu, horixe baita liburua egin dutenen xedea: gertaturikoa argitu, aitortu, eta berriro ez gertatzeko bermeak jartzea. Horretan guzian Elizaren egitekoa garrantzitsua litzatekeela azpimarratu dute egileek, eta hain justu Elizako agintariek liburuan parte hartu ez izana gaitzetsi dute: «Haiekin bildu ginen, haien menpean eta zaintzapean gertatu baitziren abusuak, eta haiek baitute horien ardura», azaldu du Santosek. «Baina ez dute parte hartu nahi izan. Batzorde bat osatu zuten, sexu abusuen gaia orokorrean lantzeko, baina ez zehazki Elizaren ardurapean gertaturikoena». Gaitzetsi dute liburuaren abiapuntu izan ziren joan den urteko jardunaldietan ere ez zutela parte hartu nahi izan.

Jesus Zudaire abusuen biktimen elkarteko presidentea ere Iruñean izan da gaur liburuaren aurkezpenean, eta azaldu du Elizak salaketak jartzeko eta gertaturikoa argitzeko bidea oztopatu diela behin eta berriro. Hark abusuak jasan zituen Lizarrako Puy eskola katolikoan, erraterako, erran zioten posible zela hura eskola hartako ikasle zeneko artxiboak hautsi edo erre izana. Elizaren inplikazioa eskatzen jarraituko dute, halere: «Esperantzaren eta sinesgogortasunaren artean gaude».

Kopuruak zehazten

Liburuak ikuspegi kualitatibotik egiten dio aurre Elizaren menpean gertaturiko sexu abusuen gaiari, baina Mikel Lizarraga liburuaren koordinatzaileak jakinarazi du ez dutela horretan utziko. Orain, ikuspegi kuantitatibotik segitu nahiko lukete ikerketaren bidea: «2020an aurretiazko txosten bat egin genuen, eta aurten beste bat eginen dugu jakiteko zenbatekoa izan den gaiaren hedadura». Santosek ere jakinarazi du liburua «urrats bat» dela, «baina ez bakarra»: «Zor bat daukagu biktimekiko, eta zor hori kitatu behar dugu; betebehar moral eta legala dugu». Bertzeak bertze, eskua luzatu dio Elizari justizia errestauratiboko mekanismoak elkarrekin landu ahal izateko: «Bide horiek martxan jarri behar dira, bide errealak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.