Pandemiaren bilakaera ontzat jo du Iñigo Urkullu lehendakariak, eta «baikor» egoteko modua ematen diola adierazi du gaurko Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. Euskal Autonomia Erkidegoko batez besteko intzidentzia metatua 400 kutsatutik azpikoa izatea «lorpen garrantzitsua» dela adierazi du, eta horrek Bizi Berri III planeko helburuak betearazten lagun dezakeela: alegia, 300eko intzidentzia metatua lehen fasean, eta 60koa ekainerako. Beheranzko joera horren arrazoitzat jo ditu abenduan eta urtarril hasieran egondako mugikortsuna eta harreman sozialak eten izana: «Labik hartutako neurriek ere izango zuten eragina horretan», gehitu du. Oposizioak haren kudeaketa kritikatu du. EH Bilduk planaren «zehaztasun falta» kritikatu du, eta salatu du «beldurgarriak diren» kutsatze datuak «normaltzat eta ontzat» jo dituela lehendakariak.
Oposizioaren kritikak entzun ditu Urkullu lehendakariak. Pandemia kudeatzeko planaren zehaztasun falta eta «inprobisazioa» leporatu dizkiote EH Bilduk eta PP+Cs-ek, hurrenez hurren. Maddalen Iriarte EH Bilduko eledunak eskatu dio oposizioko taldeei entzuteko eta bere gehiengoaz «ez baliatzeko». Elkarrekin Podemos-IUko eledun Miren Gorrotxategik Jaurlaritzak pandemia kudeatzeko proposatutako legea izan du mintzagai. Lege hori onartzeko «beharrik» ez dagoela adierazi dio, neurriak hartzeko tartea badagoela. Lege bera aipatu du Carlos Iturgaiz PP+Cs-ko eledunak, «haserrealdian egindako lege bat» dela iritziz, auzitegiek Jaurlaritzaren erabakien legezkotasuna «zalantzan jarri» dutelako proposatua.
Kritika horiek, ordea, ez dute eten Iñigo Urkullu lehendakariaren jarduna. Oposizioko alderdiei «biztanleria adoregabetzea» aurpegiratu die, eta elkarrekin batera lan egitearen alde azaltzeko eskatu die: «oposizio eraikitzailea» izateko eskatu die. Gogoan izan du, era berean, EAEko Auzitegi Nagusiak eremu gorriko ostalaritza zabaltzeko emandako epaia, eta sektorearen «egoera txarraren» berri badu ere, neurriak laxatzearen arriskuaz ohartarazi du. Berretsi du beraiek hartutako neurria irizpide teknikoetan oinarritu zela, auzitegiko epaia ez bezala.