Koronabirusa

Tabernen barnealdea zabaldu ahalko dute Nafarroan datorren ostiraletik aurrera

%30eko edukiera izan ahalko dute tabernen barnealdean. Bi bizikidetza unitate elkartzea ere baimendu du Nafarroako Gobernuak.

Iruñeko taberna baten barnealdea. JESUS DIGES/EFE
Maria Ortega Zubiate
2021eko otsailaren 19a
12:28
Entzun

Hirugarren olatuaren bilakaera "bide onetik" doala iritzita, neurriak leunduko dituela jakinarazi du Nafarroako Gobernuak. Tabernen barnealdea zabaltzea onartu du gobernuak, %30eko edukierarekin betiere. Horrez gain, bi bizikidetza unitate bildu ahalko dira espazio pribatuetan; baina sei pertsona izan ahalko dira gehienez. Neurriok otsailaren 26tik aurrera ezarriko ditu Nafarroako Gobernuak.

Arriskua neurtzen duen termometroan, hirugarren mailan da Nafarroa, eta, arriskua oraindik altua bada ere, neurriak leuntzea ekarri du kategoria aldatzeak. Javier Remirez lehendakariordeak eta Santos Indurain Osasun kontseilariek eman dute neurri berrien berri. Adierazi dute pandemiaren hirugarren olatuaren bilakaeraren "balorazio positiboa" egiten dutela eta azken txosten epidemiologikoak bilakaera egokia erakutsi duela. Hala ere, Indurainek azpimarratu du apurka-apurka egin beharreko lana dela; izan ere, intzidentzia metatua 200dik gorakoa da oraindik —gogorarazi du uztailean 43koa zela—.

Neurriok osasunaren eta aktibitate sozioekonomikoaren arteko "oreka" kontuan hartuta ezarri dituztela adierazi du Remirezek, baina osasun irizpideak "lehenetsiz". Neurriak leunduko direla iragarri dute, eta otsailaren 28 eta martxoaren 11 bitartean mantenduko dira. Dena den, etxeratze agindua mantenduko da 23:00etatik 06:00ak arte.

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.