Aljeria

Aljeriako presidenteak parlamentua desegin du, eta bozetara deitu

Hirak mugimenduaren protestek hauteskundeak aurreratzera bultzatu dute Abdelmadjid Tebbune. Presidenteak adierazi du herritarren kritikak entzun dituela, eta datozen 48 orduetan gobernua eraberrituko duela.

Abdelmadjid Tebbune Aljeriako presidentea bart gaueko agerraldian. ALJERIAKO GOBERNUA
Paulo Ostolaza.
2021eko otsailaren 19a
13:28
Entzun

Hauteskundeak aurreratu ditu Abdelmadjid Tebbune Aljeriako presidenteak. Herrialdeko sistema politikoa berritzeko eskatzen duen Hirak mugimenduak milaka lagun mobilizatu ditu azken egunetan, eta Tebbunek presioei men egin eta parlamentua desegin du. Ez hori bakarrik: adierazi du herritarren kritikak entzun dituela, eta datozen 48 orduetan gobernua eraberrituko duela.

Tebbunek ez du gobernuaz bakarrik hitz egin agerraldian. Iragarri du Hirakeko 60 kideri indultua emango dien dekretu bat sinatu duela, nahiz eta haietako 30 jada kondenatu zituzten Aljeriako epaitegiek. «Erregimen militarra amaitzeko» eskatzen dute mugimenduko kideek. Aske geratu direnetako bat da Ratxid Nekkaz, 2019an presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztu zena eta Hirakek antolatutako manifestazioetan parte hartzeagatik atxilotutakoa. Nekkaz atzo bertan utzi zuten aske, beste 30 lagunekin batera.

Hortaz gain, protestek herrialdeko buruzagiei belaunaldi aldaketa bat eskatzen diete. Horregatik, Tebbunek hitzeman du gazteei herrialdeko sistema politikoan sartzeko laguntzak emango dizkiela: «Gazteek instituzioetan sartu behar dute, eta guk lagundu egin behar diegu; horregatik, geuk ordainduko dugu euren hauteskunde kanpainaren zati handi bat».

2019ko apirilera arte Abdelaziz Buteflika izan zen Aljeriako presidentea. Estatuburua, ordea, ez zen agintzeko gai 2013tik, garuneko infartu bat izan zuenetik, eta, hala ere, bosgarren aldiz hauteskundeetara aurkezten saiatu zen. Hori izan zen azkenean protestak piztu zituen arrazoia. Hirak mugimenduak astelehenean beteko ditu hiru urte.

Tebbunerekin, antzeko

Buteflikaren ordezkoarekin ere, ordea, antzeko arazoak izan dituzte Aljerian. Tebbunek 75 urte ditu, eta hainbatetan atera behar izan du herrialdetik osasun arazoak medio: koronabirusaren ondorioz bi hilabete igaro zituen Alemanian, eta duela astebete ere atzerrian izan zen hankako operazio bat egiteko. 2019an hautatu zuten presidente, %40ko parte hartzea izan zuten hauteskundeetan.

2020. urtearen amaieran konstituzioa moldatzeko hauteskundeak egin zituzten Aljerian, baina herritarren %23,7k soilik hartu zuen parte. Erreferendumak kritika ugari jaso zituen, eta Hirak bera proposamenaren kontra agertu zen, argudiatuta ez zituela jasotzen herritarren nahiak; oposizioak, berriz, boikoterako deia egin zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.