Ingurumena

Ingurumen Ministerioak Petronor zigortuko du, koke planta baimenik gabe eraikitzeagatik

Planta eraisteko eta diru publikoa bueltatzeko exijitu du Meatzaldea Bizirik plataformak.  

Cristina Alvarez, Iñaki San Miguel eta Sara Ibañez gaur Bilbon emandako prentsaurrekoan. ARITZ LOIOLA/FOKU
Maialen Arteaga.
2021eko otsailaren 19a
14:22
Entzun

Espainiako Ingurumen Ministerioak zigor espedientea abiatu du Petronorren aurka, Muskizko (Bizkaia) koke planta baimenik gabe eraikitzeagatik. Meatzaldea Bizirik talde ekologistak eman du gaur auziaren nondik norakoen berri, Bilbon egindako prentsaurreko batean. Konponbiderako bidea eraikina «eraistea» dela aldarrikatu du plataformak.

Duela hamar urte baino gehiago hasi zen Petronorren koke plantaren auzia. 2008an eraiki zuten, Eusko Jaurlaritzaren eta udalaren baimenarekin. Jaurlaritzak «modu esanguratsuan kutsatuko ez zuelakoan» baimendu zuen. Muskiz herria kostan egonda, ordea, beste baimen bat ere behar zuten: Espainiako Ingurumen Ministerioarena. Horren onespenik gabe egin zuten aurrera. Gertakari horren aurrean, «udal erantzukizuna» azpimarratu du Iñaki San Miguel Meatzaldea Bizirik taldeko kideak: «Koke lantegiaren eraikuntza baimendu zutenetako bat Muskizeko alkateordea da egun. Ez zituzten kontuan hartu herritarren beharrizanak».

Aurreko igandean mahaigaineratu zen gaia berriro, auzokideek koke plantako petrolio isuriak salatu zituztenean. Sara Ibañez Meatzaldea Bizirik plataformako kideak dio isuri horiei garrantzia kendu nahi diela enpresak: «Guk ez ikustea nahi dute, eta dena kontrolpean dagoela esaten dute. Baina ezinezkoa da ez ikustea: aurrez aurre daukagu». Izan ere, isuria begiz ikus zitekeen: beltzez zikindutako erreka eta hondartzen argazkiak zabaldu dira sare sozialetan. «Galipota errekara heldu bada, jarioa handia izan delako heldu da. Bertako usaina izugarria zen, eta usain txarrak astelehenera arte ere iraun zuen», kontatu du Ibañezek. Plataformak azaldu duenez, larunbat goizean izan zuten isuriaren berri, auzokide baten bidez. Baina, 13ko goizean ikusi bazuten ere, ostiralean isuri zela uste dute ekologistek: «Airearen kalitatea neurtzen duen gailuak 12:00etan utzi zion datuak erregistratzeari; astelehenera arte egon da kalitatearen berri eman gabe. Kabina hori Petronorrek kontrolatzen du; beraz, litekeena da isuria ostiralean bertan gertatu izana».

Cristina Alvarez plataforma ekologistaren abokatuak dio prozesu judiziala «luzea» eta «gogorra» izaten ari dela, baina auzia irabazteko aukera handia dutela. Aldarrikapenak argi dituzte: «Koke planta eraisteaz gain, eraikitzeko erabili zuen diru publikoa itzuli dezala exijitzen diogu Petronorri». Diru kopuru hori laurehun milioi euro dela zehaztu du Alvarezek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.