Albistea entzun

Oroimena

Gaur hemezortzi urte 'Euskaldunon Egunkaria' itxi zutenetik

Joan Mari Torrealdairen heriotzak markatu du aurtengo urteurrena, baita gertatutakoa gogoratzeko eta aztertzeko sortu diren antzerki eta ikus-entzunezko lanek ere.

'Euskaldunon Egunkaria'-ren itxieraren inguruko 'Sisiforen paperak' antzezlana.
'Euskaldunon Egunkaria'-ren itxieraren inguruko 'Sisiforen paperak' antzezlana. Andoni Canellada / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2021eko otsailak 20

Hemezortzi urte. 2003ko otsailaren 20 ilun haren inguruan jaiotako haurrak adinez nagusiak dira dagoeneko, eta garaia da gertatutakoa perspektiba historikoaz aztertzeko. Izan ere, egiten ari dira.

Duela hemezortzi urteko goiz hotz hartan, Guardia Zibilak  Euskaldunon Egunkaria-ren egoitza itxi zuen, eta, horrekin, urte luzeko lanari esker sortutako euskara hutsezko kazeta bakarra desagerrarazi zuen, egun batetik bestera.

Andoaingo Martin Ugalde parkeko egoitzan eta Gasteizko, Iruñeko eta Bilboko ordezkaritzetan giltzarrapoa jarri zuen Guardia Zibilak. ETArekin lotura zuela argudiatuta itxi zuten kazeta, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen baimenarekin. Operazioan, preso eraman zituzten zituzten Xabier Alegria, Txema Auzmendi, Inma Gomila, Luis Goia, Fermin Lazkano, Xabier Oleaga, Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Pello Zubiria, Madrilera.

Euskal gizartearen zati handi batek ez zuen gezurra sinistu, eta euskaldunen eskubideen zapalketa salatzera, eta egunkariari, langileei eta atxilotutakoei babesa ematera atera zen kalera. Donostian manifestazio erraldoia egin zuten.

Langileek kemenez erantzun zioten itxierari: Egunero kazeta argitaratu zuten itxieraren hurrengo egunetik aurrera. Eta udan, BERRIA egunkaria jaio zen.

Del Olmo epaileak baldintzarik gabe bidali zituen espetxera Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Xabier Oleaga eta Xabier Alegria; aldiz, bermea ezarrita libre utzi zituen Martxelo Otamendi, Fermin Lazkano, Inma Gomila eta Luis Goia. Pello Zubiria erietxetik espetxera bidali zuen gero.

Guardia Zibilaren eskuetan pairaturiko torturen berri eman zuen Otamendik : «Nahi dutena egiten dute: arratoiak bezala tratatu gaituzte». Beste atxilotuetako batzuek ere torturak salatu zituzten.

Hurrengo zazpi urteak ez ziren samurrak izan. Urte askoko kartzela zigorren ezpata buru gainean zutela bizi behar izan zuten akusatuek, eta epaiketa luzea izan zen. Errugabetu egin zituzten, azkenean. ETAren eta Egunkaria-ren arteko ustezko lotura Guardia Zibilaren irudimenean baino ez zegoen.

2014ko urrian, egunkariaren kontra zabalduriko bigarren auzia, auzi ekonomikoa deiturikoa, artxibatu zuen epaitegiak. Prozesu haiek gogoratzeko, Egunkaria auzia webgunea prestatu zuen BERRIAk.

Hemezortzi urte, eta oraindik inork ez du barkamenik eskatu eginikoarengatik, eta euskal gizarteari, eta biktima zuzenei, ez diete kaltea erreparatu.

Hemen, itxieraren 15. urteurrenaren harira eginiko bideoa:

Aurtengo urteurrenean, izen bat da nabarmentzekoa: Joan Mari Torrealdai. Euskaldunon Egunkaria-ren administrazio kontseiluko kide eta lehendakaria izan zena 2020ko uztailaren 31n hil zen, minbiziak jota. Euskal kulturaren erreferente eta eragilearen heriotzak iritzi eta omenaldi zaparrada eragin zuen.

Egunkaria itxi zutenean gertatutakoaren tamainaz jabetzeko gazteegia zen belaunaldiak ere ariketak egin ditu egunotan, kazetaren itxieraren inguruan hausnartzeko. Joan zen azaroan, Sisiforen paperak antzezlana estreinatu zuen Tanttaka konpainiak. Euskaldunon Egunkaria-ren itxieran oinarritutako lana da, Harkaitz Canok idatzitakoa, eta Fernando Bernuesek zuzendutakoa. Eta, aste honetan bertan, Paperezko hegoak dokumentala estreinatu dute Samara Veltek eta Josu Martinezek, itxieraren inguruan zerbait berria eskaintzeko asmoz.

Hemezortzi urte dira gaur; denbora aurrera doa, baina oroitzapena gaztetzen ari da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

COVID-19a: urtebete gure artean

Izurri arorako lezioa

Arantxa Iraola

Zientzia ezinbestekoa izan da COVID-19a ulertzeko. Miren Basaras, Izortze Santin eta Ana Galarraga batu zituen BERRIAk 'online' solasaldi batean, ikasteko, ikasitakoa kontatzeko eta azken lezioak esplikatzeko; sarean dago.

Marienea barruko mural bat. ©Marienea

Eragiteko topagunea

Natalia Salazar Orbe - Bizkaiko Hitza

Hainbat herritan emakumeen etxeak sortzen ari dira. Portugaleten, esaterako, emakumeen ahalduntzea eta ahizpatasuna helburu nagusi dituen leku bat osatzen ari dira. Galdakaon, erreferentziazko toki bat eratu nahi dute.

Jendea paseatzen, Bilbon, iazko maiatzean. ©LUIS TEJIDO / EFE

HAMAIKA BIDE EBAKI DITU

Edurne Begiristain-Mikel P.Ansa

Gaur urtebete da SARS-CoV-2 birusaren lehen kasuak atzeman zirela Euskal Herrian. Lehen kasu haien ondorengo erauntsiak milaka lagunen bizitza jo du: birusaren ondorioz, 5.000 lagun hil dira, eta 20.000 inguru ospitaleratu behar izan dituzte. Urtebetean, hamaika bizitza zeharkatu ditu gaitzak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna