'Euskaldunon Egunkaria'

«Itxia, baina ez isildua»

Gaur bete dira 18 urte Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik, eta erreakzio andana eragin ditu urteurrenak. Sare sozialetako erabiltzaileek hizpide izan dituzte egun haietan sentitutako beldurra, torturaren aurkako eta adierazpen askatasunaren aldeko aldarriak eta itxieraren inguruan sortutako egitasmoak, besteak beste.

'Euskaldunon Egunkaria'-ren ale batzuk. JON URBE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2021eko otsailaren 20a
11:05
Entzun

«Gaur 18 urte beldurrak esnatu gintuen. Guardia Zibilak, Euskaldunon Egunkaria itxi, eta lankide eta lagunak eraman zituen atxilo. Otsailaren 20 bakoitzean ezin izaten dut saihestu egun hartako bizipenen zirrara sentitzea». Hala txiokatu du Eider Goenaga Lizaso egun BERRIAko kazetaria denak gaur goizean, Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren hemezortzigarren urteurrena betetzen den egunean.

Goenagaren hitzek laburbiltzen dute egun hartan Egunkaria-ko langileek sentitutakoa, baina gertakari hark ez zien kazetako langileei soilik eragin, eta hala erakusten dute hemezortzi urte geroago ere urteurren horrek eragiten dituen erreakzioek. Sare sozialetako erabiltzaileek hainbat norabidetan gogoratu dute 2003an jazotakoa, eta askok gertatua ez dutela ahazten gogorarazi dute.

Beste batzuek, berriz, adierazpen askatasunaren aldeko aldarria egin dute, edo Euskaldunon Egunkaria itxi ondorengo egunetako gertakariak izan dituzte hizpide: torturak, manifestazioak...

Azken hilabeteetan estreinatu dira, besteak beste, itxiera hizpide izan duten Sisiforen paperak antzezlana eta Paperezko hegoak dokumentala. Garai hartan ere, ordea, izan ziren itxieraren aurkako aldarriak kulturaren munduan. Ruper Ordorikaren Zaindu maite duzun hori abestia edo Fermin Muguruzak Espainiako Musikaren sarietan egindako aldarria gogoratu dituzte sare sozialetako erabiltzaileek.

Egunkariaren itxieraren ostean, ordea, BERRIA sortu zen. Eta, Eneko Fernandezek gogorarazi duen moduan, «Euskaldunon Egunkaria bizi-bizirik dago BERRIAn».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.