545 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Positibo tasak %5etik behera egoten jarraitzen du, eta positiboen kopurua ere beheranzko joerari eusten ari da. Beste 61 ospitaleratze egon dira, eta ZIUetan 169 pertsona daude.

Herritar batzuk, Tolosako (Gipuzkoa) kaleetan, joan den astean. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko otsailaren 20a
16:46
Entzun

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eskainitako datuen arabera, 11.350 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian, eta 545 positibo atzeman dituzte. Proba egin dutenen artean positibo tasa %4,8 izan da, eta, beraz, aurreko egunetako joerari jarraituz, kopuruak OME Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako mugatik behera egoten jarraitzen du. Zehazki, %5ean du ezarria izurritea kontrolpean edukitzeko muga. Horrez gain, positiboen kopurua ere beheranzko joerari eusten ari da, hilaren lehenean kutsatutakoen kurba beherantz egiten hasi zenetik.

Lurraldeetako datuei dagokienez, Bizkaian detektatu zituzten positibo gehien atzoko probetan: 301. Gipuzkoan, 113 izan ziren; Araban, 70, eta Nafarroan 58. Gainontzeko hiru kasuak, berriz, EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean atzemandakoak dira, Jaurlaritzak ohartarazi duenez.

Erietxeetan ospitaleratutako gaixoen kopurua ere beherantz egiten ari da. Ospitaleratze berriei dagokienez, esate baterako, otsailaren 5ean, eta hamalau eguneko batez bestekoa oinarri hartuta, Hegoaldeko erietxeetan 91,86 ospitaleratze zeuden, eta ordutik beherantz egiten ari da kurba. Azken eguneko datuei dagokienez, berriz, beste 61 ospitaleratze egon dira, eta ZIU zainketa intentsiboetako unitatean, guztira, 169 ospitaleratu daudela ohartarazi dute gobernuek. Hala ere, Jaurlaritzaren kasuan, bederen, astelehenean eskainiko ditu datu gehiago.

Nafarroan lau hildako

Nafarroako Gobernuak egunero eskaintzen du hildakoen kopurua, eta jakinarazi du atzo beste hiru pertsona hil zirela COVID-19arekin: 75 eta 92 urteko bi emakumezko eta 82 urteko gizonezko bat. Horrez gain, aurreko egunetako beste heriotza baten berri ere eman du: 92 urteko emakumezko bat, hain justu. Zahar etxeei dagokienez, Bizkaiko Foru Aldundiak datuak eskaini ditu, eta, haren arabera, beste bi egoiliar hil dira lurraldeko erresidentzietan. Hala ere, erantsi du, gaur-gaurkoz, zortzi adineko pertsona daudela birusarekin kutsatuta, eta behera egin duela kopuruak aurreko egunekin alderatuz gero.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.