Elx 1-Eibar 0

Eibarren porrot mingarria

Jose Luis Mendilibarren taldeak ez du partida ona jokatu, eta 1-0 galdu du Elxen zelaian. Estutu egin beharko du jaitsiera postuak atzean uzteko.

Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko otsailaren 20a
20:36
Entzun

Ez da komeni izaten arazoetan sartzea. Aukeran, hobe da haietatik ahalik eta urrutien ibiltzea.  Orain dela jardunaldi batzuetatik Eibar jaitsiera postuetatik gertu ibili da. Aukera dezente izan ditu bertatik urruntzeko, baina ez ditu baliatu. Orain, bete betean sartu da horietan, atzo Elxen aurka 1-0 galdu eta gero. Porrot kezkagarria Jose Luis Mendilibarrek zuzendutako taldearentzat.

Norgehiagokaren garrantzia ikusita, eskarmentu handiko jokalariak zelairatu ditu Mendilibarrek. Azkenaldian asko jokatzen ari diren Arbillari eta Sergi Enrichi, Pedro Leon eta Jose Angel Cote gehitu zaizkie.. Azken horrek aurreko jardunaldian izan zituen denboraldiko lehen minutuak, eta sasoi onean zela ikusi eta gero, Mendilibarrek ez du zalantzarik izan hain partida garrantzitsu batean titular jartzeko. Horrek ezker hegalekoak taldean duen garrantzia erakusten du.

Erritmo altuarekin hasi da partida, baloiaren jabetza lortzeko borroka askorekin. Minutuek aurrera egin ahala, bisitariek hartu dute norgehiagokaren gidaritza. Baloia ahalik eta azkarren hegaletara eraman, eta handik erdiraketen bidez min egiten ahalegindu dira, Pedro Leonen eskuin hanka baliatu nahian. Defentsa lanetan sendo aritu dira, eta presio altuaren ondorioz, etxekoak apenas iritsi dira Dmitrovicek zaindutako atera. Garaipenerako bide zuzenean ziren Mendilibarrenak.

Baina Elxek sartu du partidako gol bakarra, 32. minutuan. Cote-k korner bat oparitu du, eta Escribarenek ondo baino hobeto baliatu dute. Dmitrovicen atea zulatu du Dani Calvok. Etxekoen lehen gol aukera zen. Eibarrek ez ditu eskuak jaitsi, eta partidaren aginte makila izaten jarraitu du. Hainbat aukera izan ditu geldikako jokaldietan lehia berdintzeko, baina ez du asmatu.

Bigarren zatian, 1-0eko errenta baliatuta, Elxek pauso bat atzera eman, eta baloiaren jabetza Eibarri eman dio. Baina arriskua sortzeko arazo gehiago izan ditu, etxeko taldea ondo kokatuta baitzegoen. Partidako ordubetea igarota, eibartarrak pixkanaka-pixkanaka beherantz joan dira. Hori ikusita, etxeko taldeak Mendilibarrek partida atarian esandakoa egin du: kontraerasoan atera. Lau gol aukera izan ditu errenta handitzeko.

Golik sartu ez badute ere, oso eroso egon dira soropilean. Mendilibarrenei ez zaie ezer atera. Bryan Gil izan da horren adibide argia. Hegalekoa apenas agertu da, eta txartel horia ikusi du partida hondarrean, ezintasunaren poderioz aurkari bati ostikoa emateagatik. Eibarrek bere esentzia eta bere jokoa berreskuratu beharko ditu arazo are larriagoak izan nahi ez baditu. Izan ere, aukari zuzenen kontra izan ditu azken bi lehiak, eta puntu bakarra batu du Mendilibarren taldeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.