Sutea

Itzalitzat jo dute Bidasoko sutea

Nafarroako Gobernuak esan du orain «ikertzea eta Foruzaingoari bere lana egiten uztea» tokatzen dela. Gipuzkoako Foru Aldundiak esan du nahita piztutakoa dela ematen duela. 2.000 hektarea baino gehiago erre dira.

Foruzain bat suteari begira, atzo, N-121-A errepidean, Bera (Nafarroa) parean. JESUS DIGES / EFE
Paulo Ostolaza-Irati Urdalleta Lete
2021eko otsailaren 21a
09:25
Entzun

Egonkortu da Nafarroaren, Gipuzkoaren eta Lapurdiren arteko mugan 2.000 hektarea baino gehiago erre dituen sutea. Goizean larrialdietarako mahaiak egindako bileran baieztatu dute egonkortuta zegoela, nahiz eta Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan, Lesakako lurretan batez ere, oraindik «puntu beroak» bazeuden. Haizea erabat gelditzeko eta iragarritako euria hasteko esperantzan ziren goizean, sutea erabat itzaltzeko, eta hala gertatu da gauean. Aurreneko kalkuluen arabera, 900 hektarea erre ditu suak Nafarroako lurretan, baina airetik aztertu arte kalteen balantze zehatza ezingo dela egin zehaztu dute.

Kalteak neurtzeko daude, eta hipotesiak aztertzeko, baina, Berako alkate Aitor Elexpuruk Erran.eus-i adierazi dionez, «baieztatzen ahal da norbaitek nahita eman ziola su mendiari». Suak ia aldi berean, larunbateko 09:30 aldera, elkarrengandik aparte dauden bi puntutan piztu zirela nabarmendu du. Elexpuruk BERRIAri esan dionez, norbaitek «kalte egiteagatik» piztu zuen sua. Gainera, sua aldi berean bi puntutan piztu zela dioten lekukoak dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere ildo beretik jo du. Eider Mendoza bozeramaileak Radio Euskadin esan duenez, ematen du sutea nahita piztutakoa dela.

«Orain, ikertzea eta Foruzaingoari bere lana egiten uztea tokatzen da». Hala nabarmendu du Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Itziar Gomezek. Azaldu duenez, bi lantalde osatu dituzte —bat Bera-Ibardin hegalean eta bestea Lesaka-Irun hegalean—, sutearen eragina zenbatekoa izan den lekuan bertan baloratzeko. «Oso garrantzitsua da balorazio oso zehatza egitea, eta bukatutakoan tokiko erakundeei jakinaraziko zaie, eta, gero, komunikabideei». Ez du zehaztu zenbat hektarea erre diren.

Gomezek haizearen eragina azpimarratu du, horren ondorioz ezin izan dutelako erabili sua itzaltzeko aireko baliabiderik, eta «izugarri azkar» zabaltzen zelako. Sutea itzaltzeko lanetan aritu direnak gogoan izan ditu Gomezek: «Baldintza horietan arriskua oso handia da itzaltze lanetako langileentzat». Aldi berean, gogorarazi du horrelako egoeretan debekatuta dagoela larreak erretzea, eta «ardura» izateko eta indarrean dauden neurriak betetzeko eskatu du.

Igande goiz honetan zabaldu dute atzo kearen ondorioz itxi zuten N-121-A errepidea, bestalde. Kamioiak geldiarazi zituzten, baina goizetik zirkulazioa normalizatu dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Eider Mendozak jakinarazi duenez, «azken hamarkadan Gipuzkoan izandako suterik handiena» izan da asteburukoa. Orotara, 400 hektarea erre dira, eta, suak baserririk edo bordarik harrapatu ez badu ere, Mendozak nabarmendu du erretako zatirik handiena baso autoktonoa zela, eta ondare naturalaren galera «izugarria» izan dela. Ikerketari dagokionez, Nafarroako Gobernuaren esku dagoela esan du «han hasi zelako eta zuzendaritza teknikoa han egon delako». Halere, Gipuzkoako Foru Aldundia elkarlanerako prest agertu da.

Lapurdin ere egoera kontrolpean dutela baieztatu dute. 800 hektarea erre ditu suak han, hiru fokutan: Biriatun, Urruñan eta Azkainen. Dena den, suhiltzaileak Olhetako koordinazio gunetik mendira abiatu dira igande goiz honetan ere, su guztiak behar bezala itzalita daudela baieztatzeko.

 

BERRIA egunkariko kazetari Maddi Ane Txoperena sutearen ondorioen berri ematen ari da bertatik bertara. Nabarmendu duenez, suhiltzaileek jakinarazi dutenaren arabera, basozainak zenbatzen ari dira zenbat azienda kaltetu ahal izan diren. Dirudienez, Berako lurretako animaliek jasan dituzte kalterik handienak.

 

Suak nahita piztutakoak ote diren galdetu diote Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeari ere, baina hark esan du une honetan halako hipotesi bat ematea «oso ausarta» dela. Ikerketa, gainera, Nafarroako zerbitzuek egin beharko dutela gehitu du, sua han hasi zelako. Dena den, pozik agertu da, sutearen inguruan lanean jardun duten instituzio guztiak elkarlanean aritu direlako.

Larunbatean, eguerdi partean hasi zen sutea Beran (Nafarroa). Haizea zakar zebilen goizean goizetik, eta Nafarroan emana zuten abisua: handia zen suteak izateko arriskua. Nafarroaren, Lapurdiren eta Gipuzkoaren arteko mugan piztu zen txinparta: Berako Antzuzelaiko parajean (Nafarroa), Irungo Bidasoa auzorako bidean, N-121-A errepidetik eta Bidasoa ibaitik hurbil.

Sugarrek berehala hartu zuten indarra, eta ke laino trinko bat barreiatu zen eremu zabal batean. Hori dela eta, Foruzaingoak N-121-A errepidea moztu zuen larunbat goizean, eta Ertzaintzak gauza bera egin zuen arratsaldean, Behobian. San Martzial mendiko errepidea eta Bidasoa ondotik doan bide berdea ere itxi egin zituzten. Larunbat gauean egoera «kontrolatu ezinik» zebiltzala jakinarazi zuten Nafarroako, Gipuzkoako eta Lapurdiko arduradunek, baina egoerak nabarmen egin du hobera igande goizerako.

Biriatura, Urruñara eta Azkainera (Lapurdi) ere hedatu zen sutea, baserri, borda eta etxebizitzetatik hurbil. Azkaine eta Urruña artean suhiltzaileek 68 lagun sokorritu zituztela jakinarazi zuen Philippe Le Moing-Surzur suprefetak: horietako 40 bentetan atzeman zituzten; bertze hogei, mendian; eta azken zortziak Larhungo trenean jaitsi zituzten. Suprefetak azaldu zuenez, egoera ez zen sute bakarraren ondorio izan, bi foku piztu baitziren: bata, Beran sorturikoa, eta bertzea, Larhun mendikoa.

Lapurdiko aldean, 96 suhiltzaile aritu ziren sutea amatatzeko ahaleginetan. Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, dozena bat ibilgailu eta 40 bat suhiltzaile eta basozain mobilizatu zituen. Foru Aldundiak aginte postua ezarri zuen Irungo Zaisa poligonoan.

Nafarroan ere handia izan zen larrialdi zerbitzuen dispositiboa: Basoko Suteen Arrisku Planean aurreikusitako bigarren fasea ezarri zuen Nafarroako Gobernuak larunbatean. Foru erkidegoaren baliabide propioak nahikoa ez eta Espainiako Gobernuari laguntza eskatzen zaionean ezartzen da fase hori. Zehazki, Cordovilla eta Oronozko parkeetako suhiltzaileak, Bera eta Lesakako suhiltzaile boluntarioak, eta basozainen zerbitzuko suhiltzaileak aritu ziren lanean, goizean goizetik. Haize ufada bortitzen ondorioz, baina, ezin izan zituzten helikopteroak erabili. Horren ordez, suteen aurkako ur hegazkin bat eta Kamov helikoptero astun bat bidaltzeko galdegin zion Maria Txibiteren gobernuak Espainiako armadari. Horiek ere ez ziren iritsi, ordea: Torrejongo base militarretik aterata (Espainia), haizeteak eragindako turbulentziak «arriskutsuegiak» zirela ondorioztatu eta bide erdian buelta eman zuten Espainiako armadaren ibilgailuek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.