Txirrindularitza

Emakumezkoen Euskal Herriko Itzuliak bertan behera utzi du bere lehen aldia

Donostiako Klasikoaren lekua hartu behar zuen lasterketa berriak, baina, Tourra egingo ez dela ikusita, Klasikoari eustea erabaki dute.

Klasikoaren lehen edizioa, 2019an. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
2021eko otsailaren 22a
13:27
Entzun

2021ak behar zuen emakumezkoen Euskal Herriko Itzuliaren debutaren urtea, baina antolatzaileek jakinarazi dute ez dela halakorik egingo. Donostiako Klasikoaren lekua hartu nahi zuen itzuli berriak, Frantziako Tourrak bere lasterketa Klasikoaren egun beretan jarri eta gero: «Izugarrizko lana egin da itzulia egutegian mugitzeko eta egun kopurua luzatzeko, Itzulia Women sortuz. Hala ere, aurten ez denez Emakumeen Tourra jokatuko, Emakumeen Klasikoari eutsi egingo diogu». Hala jakinarazi du bi lasterketen antolatzaile den OCETA taldeko presidente Julian Erasok.

Gauzak hala, emakumezkoen Donostiako Klasikoa uztailaren 31n egingo dute, gizonezkoen egun berean. Antolakuntzak gauza bera egin zuen duela bi urte ere —iaz ez zen egin, koronabirusaren eraginez—. Lehen aldi hartan, Lucy Kennedyk eskuratu zuen garaipena. Aurtengo saioan ere, gizonezkoen eta emakumezkoen lasterketek ibilibidearen zati bat partekatuko dutela azaldu du Erasok, baina balitekeela aldaketak egitea, duela bi urteko lasterketarekin alderatuz gero. Donostiakoa «txirrindularitzaren festa» izatea espero dute antolatzaileek, eta «osasun arloko neurri guztiak» kontuan izanik prestatuko dutela.

Itzuliari dagokionez, berriz, antolakuntza baikor agertu da, eta esan du agian datorren urtean egiteko «esperantza» dutela. Halere, gakoa aurtengo bera izango da: ea Emakumeen Tourrak eta Klasikoak egutegian bat egiten duten edo ez. «Anbizio handiko» proiektutzat jo du Erasok, eta berretsi lanari ekingo diotela «lortu arte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.