Lau pertsona Espainiako Poliziaren komisariara eraman dituzte deklaratzera Bilbon

Langile Autodefentsa Sareko kideak dira laurak, eta derrigortze delitua leporatu diete.

Espainiako Poliziaren komisaldegiaren aurrean gaur goizean egin duten bilkura. BILBOKO LANGILE AUTODEFENTSA SAREA, @BILBOKOS
2021eko otsailaren 22a
14:32
Entzun

Espainiako Poliziak gaur goizean lau pertsona atxiki ditu Bilbon, eta Indautxun duen komisariara eraman ditu deklaratzera. Langile Autodefentsa Sareko kideak dira laurak, eta derrigortze delitua leporatzen diete, Limpiezas Arana garbiketa enpresaren aurka egiten ari diren protesta dela eta.

Enpresa horren lan baldintzak eta «gehiegikeriak» salatzeko hainbat bilkura egin ditu Langile Autodefentsa Sareak, eta larunbatean manifestazio bat egin zuten. Lan baldintzak salatzeaz gain, langile ohi bati dirua zor diola ere salatu dute, eta diru hori emateko eskatu diote protesta horien bidez. Langile ohi hori gaur deklaratzera eraman dituzten lau kideetako bat da.

Laurek uko egin diote Espainiako Poliziaren aurrean deklaratzeari, eta bik jaso dute ostegunean Bilboko epaitegietan deklaratzera joateko deia. Indautxuko komisariaren kanpoaldean 30 lagun inguru egon dira gaur goizean, lauren zain, eta Langile Autodefentsa Sareak bilkura egingo du epaitegiaren aurrean, Albiako lorategian, 11:00etan.

Autodefentsa Sareak BERRIAri adierazi dionez, Limpiezas Arana enpresan lanean ari diren 40 langileak «kontraturik gabe ari dira, lanordu oso aldakorrak dituzte, gaixo egonda lan egitera behartzen dituzte, eta, zerbait gaizki eginez gero, dirua kendu egiten diete».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.