Industria

Proiektuen zerrenda zabala

Irune Lasa.
2021eko otsailaren 22a
14:37
Entzun

Oraindik itxi gabeko zerrenda da. Hidrogenoaren korridorearen egitasmora «aktiboki»78 erakunde batu dira dagoeneko, baina BH2Cren koordinatzaile Jose Ignacio Zudairek azaldu duenez, beste 50 bat enpresa «gogoeta fasean» daude oraindik, haien estrategietan hidrogenoa garrantzitsua izan daitekeen aztertzen.

Momentuz 34tik gora proiektu zehatz batzen ditu BH2Ck, eta hein handi batean guztiak daude elkarlotuta, baita enpresa eta erakundeen parte hartzeak ere.

Hidrogeno ekoizpena

Petronorren beraren hiru proiektu handiak daude korridorearen proiektuaren atal horretan: hidrogeno berriztagarriaren ekoizpena, bai elektrolisi bidez (hiru elektrolizagailurekin), bai hondakinen pirolisi bidez. Eta erregai sintetikoen ekoizpena frogatzeko lantegia. Elektrolizagailuak Muskizko findegian egongo dira, beste bi plantak, berriz Bilboko portuan.

Mugikortasuna eta banaketa

Ibilgailuentzako hidrogenoaren banaketarakoa abiaburua Abantoko parkean egongo litzateke, non hidrogeno kargaleku bat jarriko luketen, «gero beste lurraldeetan kokatuko liratekeen hiru kargaleku zerbitzatzeko asmoarekin». Aldundiek hidrogenozko autobusak erosiko dituzte.

Abantoko kargalekuaren proiektua, gainera, laborategi modukoa ere izango da, presio handiaren teknologiaren faseen entsegurako. Bilboko portuan egongo da mugikortasun eta banaketari lotutako korridorearen beste gune garrantzitsua, asmoa delako itsasontzien argindarra hornitzea, hidrogenozko erregai pilak eta hidrogenoa bera erabiliz. Aireportuan ere badago proiektua, hango makineriak erregai pilak erabiltzeko. Eta Loiun ere aukera aztertu nahi dute, aire lineek erregai sintetikoak erabiltzeko hasteko.

Industriaren eta berokuntzaren deskarbonizazioa

Petrolioa fintzeko prozesua deskarbonizatzen joan nahi du Petronorrek, hidrogeno berdearekin eta pirolisitik aterako emisio txikiko hidrogeno berriztagarriarekin. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gas sarearen deskarbonizaziorako plan estrategiko bat ere egingo du Energiaren Euskal Erakundeak, hain zuzen, hidrogenoak horretarako ematen dituen aukerak aintzat hartuta. Elektrolisi bidez ekoitzitako hidrogenoaren konpresioa egin eta hura pieza sinterizatuen ekoizpen prozesuan erabiltzeko modua ere aztertuko du beste proiektu batek.

Azpiegiturak

Zudaireren hitzetan, hau da Korridorearen «parte fisikoa», beste beste, tutueria berriak aurreikusten direlako hidrogenoarentzat, kanalizazio bat lotzeko Petronorren findegia, Abantoko parke teknologikoa, Bilboko Portua eta Zorrotzaurre, non hidrogenoaren etxebizitzetarako erabilpenak aztertu nahi dituzten.

Hidrogenoak gas banaketarako sareetan izan dezakeen portaera aztertzeko proiektu bat ere badago, besteak beste, nola nahastu daitezkeen gasak eta hidrogenoa.

Garapen teknologikoa eta industriala

Zerrenda honetan dauden BH2Cko egitasmoen ia erdia, 17 egitasmo. Elektrolizagailuen fabrika handi bat; industria aplikazioetarako belaunaldi berriko elektrolizagailuen garapena eta eskalatzea; tokian hidrogenoa ekoizteko sistemak garatzea; bioerregaietarako erreformagailu bat, metanotik hidrogenoa sortzeko (adibidez itsasontzietan); hidrogenoa garraiatzeko proiektuak; ibilbide luzeetarako erregai piletan oinarritutako autobusak; trenak, ibaietarako itsasontziak; hidrogenoaren aplikazioak altzairugintzan, eta aplikazioak labe industrialetan...

Ekinbide eragileak

Hidrogenoaren Euskal Korridorea ekimenean erreferentzia dauden Abantoko Parke Teknologikoa, Energiaren Klusterreko Hidrogenoaren Sektore Foroa, Hidrogenoaren Zentro Teknologiko birtuala eta Hidrogenoari buruzko ikastegia ere. Korridorearentzako oso garrantzitsua izan daitekeen tresna bat, hori bai, azterketa fasean dago oraindik: Hidrogenoaren Haranaren Garapenerako Funtsa, zeina tresna finantzatzaile bat litzatekeen batez ere enpresa ertain eta txikiei euren proiektuekin laguntzeko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.