MIGRAZIOA

'Aita Mari' ontziak erreskatatutakoak porturatu dituzte Italian

102 migratzaileek berrogealdia egin beharko dute ferry batean, Augustako portuan

'Aita Mari'-koak erreskatea egiten, joan den ostiralean. ITSAS SALBAMENDU HUMANITARIOA
Igor Susaeta.
2021eko otsailaren 22a
15:52
Entzun

Aita Mari itsasontziak joan den ostiralean Mediterraneoko uretan erreskatatutako migratzaileak porturatzeko baimena eman dute Italiako agintariek, eta horiek porturatzen hasi dira, gaur eguerdian, Augustan, Siziliako kostaldean. 102 dira guztira. Itsas Salbamendu Humanitarioa GKE gobernuz kanpoko erakundearen arabera, etorkinak portuan dagoen ferry batera eramango dituzte, bertan berrogeialdia egin dezaten. Behin operazioa bukatuta, Italiako agintariek esandakoari jarraituko dio euskal GKEaren ontziaren eskifaiak.

Italiako agintariek larunbat gauean jakinarazi zioren Aita Mari-ri erreskatatutakoak Augustan porturatu zitzakeela, baina, gaur arte, ez dio horretarako baimenik eman. Atzo, nolanahi ere, bi migratzaile ebakuatu zituzten: itsasoko uraren eta erregaiaren arteko nahasketaren ondorioz, erredurak zituzten azalean.

Itsas Salbamendu Humanitarioaren ontziak egurrezko ontzi batetik erreskatatutako migratzaileen erdiak adingabeak dira, eta tartean daude zortzi hilabeteko haur bat eta haurdun dauden bi emakumezko. Somaliarrak dira gehienak. COVID-19aren aurkako neurriek ezarritako protokoloei jarraituz, antigeno testak egin dizkiete denei, eta hamahiruk eman dute positibo. Azken orduetan bakartuta eduki dituzte ontzian.

Aita Mari ontzia joan den otsailaren 12an abiatu zen Adratik (Almeria, Espainia). Ontzia hilaren hasieran zen handik Libiako kostaldera abiatzekoa, baina ezin izan zuen itsasoratu, «ikuskaritza zorrotzak» egin zizkiotelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.