Sutea

Baionako prokuradoreak ikerketa hasi du su bidezko suntsiketagatik

792 hektarea erre ditu Lapurdin asteburuan izandako suteak. Azkainen eta Biriatun bi borda eta etxebizitza bat kiskali dira.

Oihana Teyseyre Koskarat - Andrea Ibarra
2021eko otsailaren 22a
15:58
Entzun

Asteburuan Larhun mendiaren aldean izandako suteen jatorria aztertzeko ikerketa abiatu du Baionako Jerome Bourrier prokuradoreak, su bidezko suntsitzeagatik. Baionako Jendarmeriaren esku utzi dute afera. Bourrieren arabera, suteak jasan dituzten Lapurdiko herrietako auzapezek ez dute oraindik salaketarik jarri, baina Urruñako eta Azkaineko (Lapurdi) herriko etxeek salaketa ezartzeko asmoa dute; datozen egunetan erabakitzekoa dute zer prozedura eginen duten zehazki.

Baionako Philippe Le Moing-Surzur suprefetak baieztatu du guztira 792 hektarea erre zituela suteak. Lau sute berezi dituzte Lapurdin. Biriatu (Lapurdi) eta Urruña artekoa Nafarroatik etorritako txinpartek piztu zutela erran du: sute horrek borda bat kiskali zuen Biriatun, larunbatean. Beste hiru suteak Azkaine eta Ziburuko herrietan gertatu ziren, baina oraindik ez dakite nola piztu ziren. Horietako batengatik arditegi bat eta etxebizitza bat erre ziren, Azkainen. Larunbatean, orotara, 200 bat pertsona sokorritu zituzten suhiltzaileek: horietako 40 bat Ibardingo bentetatik, eta beste 150 bat ibiltari, Larhundik.

Le Moing-Surzurek adierazi du oraingoz Baionako Jendarmeriaren esku dagoela aztertzea ea laborantza suteak egiteko baimen eskaerarik pausatu zen astebururako. Izan ere, mendiko laborantza suteak egiteko, herriko etxearen eta suhiltzaileen baimena lortu behar da. Prefeturak ez du debekurik ezartzen, eguraldiak hala eskatzen ez badu. Halere, larunbatean izandako haize ufadengatik eta larunbat goizean piztutako suteengatik hartu zuen horiek debekatzeko erabakia, larunbat eguerdian. Suhiltzaile eta Urruñako axuanta den Nikolas Regeratek azaldu duenez, ordea, ez zen mendiko laborantza surik iragarririk iragan astebururako. Horrenbestez, «zantzu guztiek adierazten dute gizabanakoak nahitara eragindakoa» izan zela.

Regeratek azaldu du suhiltzaile profesional eta boluntarioak mobilizatu behar izan zituztela asteburuan. Ipar Euskal Herrikoez gain, Landetako eta Pirinio Garaietako langileak etorrarazi zituzten, suhiltzaile taldea suaren handitasunera egokitze aldera. Horiek horrela, suhiltzaileak larunbat goizetik igande gauera arte izan ziren lanean. Izan ere, Regeratek baieztatu du larunbat gauerako sutea ia itzalia zegoela, baina kontrolatzeko zailak ziren hainbat lekutan iraun egin zuela. Gauean haizeak egin zuen lanaren ondorioz, igandean bazen oraindik zer itzalia. Horretarako, laurogei suhiltzaile izan ziren igandean mendiak zaintzen, arratsaldeko zazpiak inguruan sutea itzalitzat eman zuten arte.

Euskal Hirigune Elkargoko hautetsiek egoeraren bilana egiteko prentsaurrekoa eginen dute bihar arratsaldean. Battitta Laborde mendien ardura duen elkargoko hautetsi eta Sarako (Lapurdi) auzapeza, Eneko Aldana Ziburuko auzapeza, Filipe Aramendi Urruñako auzapeza, Solange Demarcq-Egiguren Biriatukoa, eta Jean Louis Fournier Azkainekoa izanen dira bertan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.