OSASUNA 0-2 SEVILLA

Hutsek kondenatu dute berriro

Talde gorritxoak galdu egin du Sadarren, Sevillaren aurka. Etxeko taldeak huts larriak egin ditu defentsan, eta eraginkortasunik gabe aritu da erasoan.

Oier Sanjurjo, etsita, partida hasieran baloia zutoinera bota eta gero. IñIGO URIZ / FOKU
Julen Etxeberria.
2021eko otsailaren 22a
23:04
Entzun

Sevillak eten egin du Osasunak zeraman bolada ona. Azken bi partidak irabazi eta gero, gorritxoek galdu egin dute gaur Sadarren: 0-2. Julen Lopetegik entrenatutako taldeak agerian utzi du zergatik dagoen hirugarren postuan Espainiako Ligan: sendo aritu da atzean, eta eraginkor aurrean. Oso bestelako lana egin du etxeko taldeak: huts larriak egin ditu defentsan, eta erasoan, antzu aritu da berriz ere. Ondorioa: Sevillak nagusitasunez irabazi dio.

Indartsu ekin dio Osasunak partidari. Moncayolak izan du lehen aukera hasi eta berehala, baina haren jaurtiketa kanpora joan da. Minutu eskas bat geroago, Oierrek gertu izan du gola, baina zutoinera bota du baloia, buruz. Bizi-bizi ari zen etxeko taldea, Bonoren ate ingurura arriskuz iristen. Baina Sevilla ez da urduri jarri. Baloia lasai mugitu nahi izan du, partidaren erritmoa moteltzeko. Eta helburua lortu du, eta pixkanaka-pixkanaka etxekoei nagusitzen hasi da. Eta izan duen lehen aukeran gola sartu du. Joan Jordanek kornerra jaurti du, eta Diego Carlosek aurrea hartu die David Garciari eta Aridaneri, eta buruz sartu du gola. Gola kolpe gogorra izan da, baina, hala ere, Osasunak ez du amore eman, eta gogoz saiatu da. Baina ez du asmatu ate aurrean.

Atsedenalditik bueltan utzi du erabakita neurketa Lopetegiren taldeak. Lucas Torrok baloia galdu du zelai erdian, Fernandok hartu du, eta haren pasea bikain baliatu du De Jongek 0-2koa sartzeko. 49. minutua zen, eta Sevillak oso bideratua zuen garaipena. Jagoba Arrasatek aldaketak egin ditu, baina alferrik. Bisitariek une oro izan dute kontrolpean neurketa, eta ez dute inongo momentutan arriskuan izan garaipena. 

Galdu arren, Osasuna ez dago egoera kezkagarrian. Hamahirugarren postuan dago sailkapenean, jaitsiera postuetatik lau puntura. Baina nahi baino gehiagotan ari da garesti ordaintzen hutsak. Hori konpondu behar du lehenbailehen, berriz ere estu eta larri egon ez nahi badu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.