Jaurlaritzak 25 txertaketa eremu jarriko ditu 100 urtetik gorakoak txertatzeko

BIhar hasiko dira 100 urtetik gorakoak txertatzen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 25 txertaketa eremuez gain, herrialde bakoitzean autotik atera gabe txertatu ahal izateko eremu bat jarriko dute.

Adineko pertsona bat txertatzen. DAVID ARQUIMBAU SINTES/EFE
Maria Ortega Zubiate
2021eko otsailaren 23a
13:43
Entzun

Txertaketa planeko bosgarren taldea txertatzen hasiko da bihar Eusko Jaurlaritza. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 100 urtetik gorako biztanleriak asteazkenetik aurrera izango du txertatzeko txanda. Prozesua«era mailakatuan» egiteko asmoa duela azaldu du Jaurlaritzak, eta, horretarako, 25 txertaketa eremu prestatu dituzte hiru herrialdeetan. Horrez gain, lurralde bakoitzean autotik atera gabe txertatzeko eremu bat prestatuko dute. Dena den, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi duenez, beharrizanen arabera, eremu horiek gehitu egingo dira.

Txertaketa fase berriaren nondik norakoak izan ditu hizketagai Sagarduik.  «Osakidetzak deituko die eta esango die non jarriko dieten txertoa», azaldu du. Azpimarratu du «hobe» dela txertaketarako prestatutako eremuan txertatzen badira, eta mugitzeko modurik ez badute, etxera joango zaizkie. Dena den, herrialde bakoitzean autotik atera gabe txertatu ahal izateko eremuak prestatuko dituzte, eta, hori «eraginkorra» bada, eremu gehiago jartzea aurreikusi dutela gehitu du. Donostiako ospitalea, Gasteizko Santiago ospitalea eta Mungiako (Bizkaia) osasun zentroa izango dira autoan txertatzeko hiru eremuak.

Adinekoen txertaketarekin batera, arlo soziosanitarioko eta Osakidetzako langileen bigarren dosiak banatzeko asmoa adierazi du Sagarduik. Haren esanetan, Osakidetzako lehen lerroko langileak jada txertatuta daude, eta profesionalen «herenak baino gehiagok» immunitatea lortu dute. Aurrera begira, osasungintza pribatuko lehen lerroko langileak eta ertzainak, suhiltzaileak eta bestelako oinarrizko langileak txertatzen jarraitzeko helburua dutela gehitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.