Albistea entzun

Zinegoak jaialdia

Aurrez aurre zein 'online' ikusi ahal izango da aurten Zinegoak jaialdia

Besteak beste, genero identitatea, amatasun lesbikoa eta talde zaintza jorratuko dituzte Gay-Lesbo-Trans Zinemaren eta Arte Eszenikoen Bilboko 18. Jaialdi Nazioartekoan. Lekeitio ere egoitza ofiziala izango da lehen aldiz, eta, ondoren, 40 udalerritara hedatuko da festibala.

Zinegoak jaialdiko atolatzaileak, goizeko aurkezpenean
Zinegoak jaialdiko atolatzaileak, goizeko aurkezpenean Jaizki Fontaneda/ Foku Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2021eko otsailak 23

«Antolatu ahal izatea da aurten arrakasta». Jaialdi batek behar duen hilabeteetako lanaz gain, egoerak eragindako «ezjakintasunari» egin behar izan diote aurre aurten Zinegoak jaialdiko antolatzaileek, Pau Guillen zuzendariak azpimarratu duenez. Neurrien ezarpenak eta gogortu zitezkeelako mehatxuak izan dituzte bidelagun 18. jaialdia prestatzeko prozesuan, baina, azkenik, datorren astelehenean emango diote hasiera Bilboko gaylesbitrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen festibalari. Martxoaren 14ra bitarte hamazortzi film luze eta film laburreko sei ziklo emango dituzte, beste egitasmo batzuen artean, eta horiek guztien lehenengo emanaldia aurrez aurre ikusi ahal izango da. Ondoren, piezok online ikusteko tartea zabalduko dute Filmin plataformaren bidez. Martxoaren 5etik aurrera, hiru film sareratuko dituzte egunero, eta 72 orduz baino ez dira ikusgai egongo, «jaialdi bateko tentsioa Filminera ere eramateko», zuzendariak adierazi duenez.

Egoera gorabeheratsua izan arren, «argi» zuten aurrez aurrekotasunari eutsi beharra ziotela, Julen Nafarrate prentsa arduradunak nabarmendu duenez. «Urte hauetan guztietan lagundu gaituen publikoarengatik, batez ere», zehaztu du Guillenek, eta, kultur agente diren heinean, «aurrez aurre egingo den itxaropenarekiko erantzukizuna» ere baitutelako. Hala, ahalik eta agerikoen egin dute seta hori, leloan islatu baitute: Zalantza izpirik gabe. Baina, era berean, esaldiak Zinegoaken aurtengo zutabeetako bati ere egiten dio erreferentzia, zuzendariaren hitzetan: «Oraingo belaunaldiek erreferentzia eta tresna gehiago dituzte pertsona gisa eraikitzeko. Programazioaren zati handi batek horretaz dihardu: euren buruak beste tresna batzuekin eraikitzen ari diren gazteez». Prozesu berean murgilduta dauden LGTB+ pertsona helduagoez ere mintzo dira aurtengo filmetako hainbat. «Osorik sentitu ez diren bizitza baten ondoren, gizarteak ez dielako garatzen utzi», zehaztu du zuzendariak.

Genero identitatearen eraikuntzaz gain, badira programazioan pisu nabarmena hartu duten beste gai batzuk ere. Esaterako, amatasun lesbikoa jorratuko da «kopuru handiago batean», zuzendariak azaldu duenez. Honen adibide dira, besteak beste, Her Mothers edo Maes do Derick dokumentalak. Hungariako eta Brasilgo istorioak kontatzen dituzte, hurrenez hurren: batak ama bikote batez dihardu, eta besteak, berriz, talde zaintza egiten duten lau andre ditu protagonista. Batean zein bestean, «aurkako ingurune» bati aurre egin beharko diote emakumeek, Guillenek azpimarratu duenez.

DOK —dokumentalak— sail ofizialaren parte da Her Mothers. Beste bi sail ofizialek osatzen dute jaialdia: FIK —fikzioa— eta KRAK—narratiba berriak—. Hamazortzi ekoizpen daude banatuta hiru arlo horietan, eta horietako bederatzi lehenbiziko obrak dira. Zuzendariak nabarmendu duenez, «gehienak emakumeak zuzendurikoak dira». Bilboko Azkuna zentroko Golem zinema aretoetan ikusi ahal izango dira jaialdiaren lehenengo astean. Bestalde, Bilboko Bilborock-ek film laburrak hartuko ditu, doako sarrerarekin. Haurtzaroari eta nerabezaroari, emakumeek zuzendutako lanei eta euskal zuzendarien obrei eskainitako urteroko zikloez gain, adineko LGTB+ pertsonen bizitzen inguruko zikloa ere berreskuratuko dute, eta bi berri izango dituzte: Erresilientziak eta Drag Life. Guztira, 30 film labur emango dituzte.

Maes do Derick, aldiz, Brasil transbertsala ziklo berezian emango duten filmetako bat da. Bolsonaroren Brasilen bizi diren trans pertsonen egoeraz ari diren lanak biltzen ditu zikloak, eta Bilbo Arte izango du egoitza. Bertan emango da, halaber, Zinegoak 2021 Ohorezko saridun Sebastien Lifshitzen atzera begirakoa. Nahiz eta jaialdia ofizialki datorren astean hasi, ostiraletik igandera hainbat ikus-entzunezko ikusteko aukera egongo da Bilboko Guggenheim museoan.

Publiko zabal batentzat

Jaialdiaren egoitza ofiziala Bilbo den arren, lehen ediziotik egin izan dute handik harago eramateko saiakerak. Bilboko programazioa bukatuta, lau udalerritatik erakutsi zituzten Zinegoakeko edukiak lehen edizioan, eta, hamazortzigarrenean, 40 izango dira dagoeneko jomugak. Aurten, ordea, bigarren egoitza ofiziala izango du jaialdiak: Lekeitio (Bizkaia). Hiru egunez, Bilboko eduki berak emango dira han, eta, proiekzioak bukatutakoan, zuzendariei galderak egiteko aukera izango dute bertaratutakoek. Hedapenean «urrats bat gehiago» dela adierazi du Nafarratek: «Asmoa genuen Bilbotik kanpo egoitza izateko, ez soilik hedapena».

Urteen poderioz, Bilbotik kanpoko ikusleak egonkor bihurtu zaizkie, baina hazkundea ez da soilik geografikoa izan, zuzendariak azaldu duenez. Izan ere, jaialdiaren ardatza LGTB+ pertsonen bizipenak izan arren, dagoeneko «espazio komuna» sortzea lortu dutela dio Guillenek, «geroz eta publiko orokor gehiago» baitute. «Arrakasta» da hori, zuzendariaren iritziz. «Sexu aniztasunak gizarteko jende guztia zeharkatzen du, ez da soilik LGTB+ kolektiboaren kontua».

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Jone Laspiur, atzo, emakumezko aktore berririk onenaren saria telematikoki jasotzen. ©Miguel A. Cordoba / EFE

Euskal filmek zortzi sari jaso dituzte Goya sarietan

Paulo Ostolaza

Bost garaikur eskuratu ditu Akelarre pelikulak, eta hiru Ane-k. Emakumezko aktore protagonistarik onenaren saria Patricia Lopez Arnaiz gasteiztarrari eman diote, eta emakumezko aktore berririk onenarena Jone Laspiur donostiarrari.

1 ©ALEMANIAKO ARTXIBO FEDERALAK / EZEZAGUNA

GOERINGEN ARTEKARIA GURE ARTEAN

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Bigarren Mundu Gerra garai oparoa izan zen naziek espoliatutako artelanen negozioan sartzeko prest zeudenentzat. Horietako bat izan zen Alois Miedl enpresaria. Artelan ugari pasarazi zituen Euskal Herritik barrena, Espainiako eta Portugalgo merkatuetara bidean. Hainbat euskal herritar izan zituen laguntzaile horretan.

Sarah Mary Chadwick abeslari eta pianista. ©BERRIA

Minari amaiera emateko biluztea

Mikel Lizarralde

Bi heriotza, harreman baten haustura eta suizidio saiakera bat. Mina eta samina dario Sarah Mary Chadwick musikariak azken bi urteetan ondu duen trilogiari. 'Me and Ennui Are Friends, Baby' du azken alea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.