FUTBOLA

Raul Garciak 2022ra arte berritu du kontratua Athleticekin

Zenbait helburu lortuz gero, erdilari nafarrak aukera izango du lan hitzarmena beste urtebetez luzatzeko. Seigarren denboraldia du talde zuri-gorrian.

Aitor Elizegi eta Raul Garcia, kontratua sinatu berritan, gaur, Ibaiganen. ATHLETIC
2021eko otsailaren 24a
10:16
Entzun

Bolo-bolo zebilena baieztatu da gaur goizean: Raul Garciak (Zizur Nagusia, Nafarroa, 1986) beste urtebetez jarraituko du Athleticen. Erdilari nafarrak 2022ra arte berritu du kontratua talde zuri-gorriarekin, eta. zenbait helburu lortuz gero, aukera izango du hitzarmen hori beste sasoi batez luzatzeko.

34 urteko jokalariak seigarren denboraldia du Athleticen. Funtsezkoa izan da entrenatzaile guztientzat, eta konfiantza hori lan bikaina eginez ordaindu die. Horren erakusle dira orain arte pilatu dituen estatistikak: 238 partida jokatu ditu, eta 70 gol sartu. Aurreko sasoian egin zituen gehien, hamabost, 42 neurketatan. Denboraldi honetan, berriz, zazpi sartu ditu, 27 norgehiagokatan.

Lan on horren saritzat hartu du jokalariak kontratua berritzea: «Oso pozik nago, esan nahi duelako lanari eta konstantziari emandako saria dela», adierazi du Athleticen sare sozialetan egindako adierazpenetan. Denboraldi amaieran taldeari geratzen zaiona ere hizpide izan du, zaleak gogoan: «Final bat jokatuko dugu hemendik gutxira [Espainiako Kopakoa, Realaren aurka, apirilaren 3an], eta beste batera sailkatzeko aukera daukagu [Levante menderatu behar denboraldi honetako Kopako finalerdietan, martxoaren 4an]. Gogotsu nago zaleei poz horiek emateko, merezi dute eta». 

Marcelino Garcia Toralentzat funtsezko jokalaria da. Hark taldearen ardura hartu zuenetik, bigarren aurrelari gisa ari da jokatzen, entrenatzaileak hain gustuko duen 1-4-4-2 sisteman. Baina punta-erdi lanak ere egiten ditu, eta nafarraren ekarpena ezinbestekoa da hiru alor hauetan, batez ere: kontraerasora ateratzeko erreferentzia da, bizkarrez baloia ukitu eta taldeari irteera emateko; jokoa gehiago landu behar denean, ederki orekatzen ditu lekuak bi euskarriekin, taldea hauts ez dadin atzeko jokalarien eta aurrekoen artean: eta geldikako jokaldietan erabat zitala da aurkarientzat. 

Lehiakorra da oso, odol berokoa, eta abila aurkariak bere onetik ateratzen. Horri gehituz gero epaileen errespetua irabazia duela bere izaera beroa ateratzeko, aurkari bainoago norbere taldean edukitzeko askoz hobeak diren jokalari horietako bat da. Hala erakutsi izan du bere ibilbide osoan: Osasuna (2004tik 2007ra, eta 2011-2012); Atletico Madril (2007tik 2012ra); eta Athletic (2015etik). 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.