Enpresak

Iberdrolak 3.610 milioi euro irabazi zituen iaz, inoiz baino gehiago

Inbertsioak ere handitu dituenez, 2025erako 5.000 milioi irabaztea espero du.

Iberdrolaren egoitza nagusia, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko otsailaren 24a
10:51
Entzun

Koronabirusaren krisia potentzia galdu gabe igarotzen ari da Iberdrola. Iaz, inoizko irabazirik handienak lortu ahal izan zituen,  3.610 milioi euro (+%4,2), nahiz eta iaz argindar eskaria %5etik gora jaitsi zen haren merkatu nagusietan, Espainian eta Erresuma Batuan. Merkatu kapitalizazioan munduko argindar konpainia handienetan hirugarrena da dagoeneko Iberdrola; 66.800 milioi euroren balioa du gaur egun.

Markak hautsi arren, Iberdrolak azaldu du hark ere jasan duela koronabirusaren krisia: 238 milioi euro gutxiago irabaztea ekarri dio. Horren arrazoietako bat da hornidurak handitu behar izan dituela, 499 milioi euroraino, krisiaren ondorioz berankortasuna handitu delako haren bezeroen artean.

Irabaziak handitu izanaren arrazoi bat da iazko kontuetan zenbatu dituela Siemens Gamesaren akzioen %8ren salmenta. 485 milioi euroren gainbalioa lortu zuen akzio horiek salduta.

Aurten, gehiago

Aurten zail izango du halako etekina eman dion operaziorik egitea, baina, hala ere, irabaziak handituko dituela kalkulatu du Bilboko argindar konpainiak: 3.700 eta 3.800 milioi bitarte espero ditu. Horri esker, akzio bakoitzeko 0,44 euroren dibidendua banatuko duela uste du, 2020ko irabazien kontura banatuko duen 0,42 euroren irabaziaren gainetik.
Kopuru horiek txiki gera daitezke urte gutxian, baldin eta Ignacio Sanchez Galanen zuzendaritza taldeak bere helburuak lortzen baditu, hau da, 2025ean 5.000 milioi irabaztea eta 2030ean 7.000 milioira iristea. Horretarako bidea inbertsioak handitzea dela dio Iberdrolak, eta horretan ere markak hausten ari da: 2020. urtean 9.246 milioi euroren inbertsioak egin zituen (+%13).

Horietatik %91 energia berriztagarrietara eta banaketa sareak berritzera bideratu ditu. Itsasoko energia eolikoa bultzatzera joan da diru horren zati bat. Gaur egun 1,3 gigawatt ditu instalatuta, baina beste 2,6 GW jartzen ari da.
Enpresak erosten ere oso aktibo izan zen iaz Iberdrola. AEBetan egin zuen erosketarik handiena: PNM Resources New Mexicoko argindar enpresa erosi zuen, 3.600 milioi euroren truke. Urrian iragarri zuen operazioa Iberdrolak, eta otsail honetan eman diote oniritzia PNMko akziodunek. Maiatzean, Aalto energia berriztagarrien Frantziako enpresaz jabetu zen, 100 milioiren truke; ekainean, berriz, Australiako Infigen enpresaz: hura ere energia berriztagarrietan aritzen da.

Iberdrolaren irabaziak oso handiak izan arren, horien zati txiki bat baizik ez da geratzen Bizkaiko Ogasunen kutxetan. ELAk duela bi aste azaldu zuenez, 2019an 36 milioi euro baino ez zizkion ordaindu Bizkaiko Ogasunari sozietate zergan. Iberdrolak zerga sistema arduratsuari buruz urtero kaleratzen duen txostenak dio 2019an 797 milioi pagatu zituela sozietate zergan, horietatik 367 milioi Espainiako Ogasunari eta Bizkaikoari.

Dominion, %65 gutxiago

Kopuru apalagoak dira Dominionek darabiltzanak, iaz hamabi milioi euro irabazi baitzituen. Nahiz eta aurreko urtean baino %65 gutxiago den, Bizkaiko konpainiak ziurtatu du bere aurreikuspenak gainditu dituela, urte amaieran krisi aurreko jarduera berreskuratu ahal izan duelako.  Energia, azpiegitura, industria eta telekomunikazio sektoreetan zerbitzuak ematen dituen enpresa bat da Dominion. Bazkide baten bila ari da energia berriztagarrietan inbertsioak handitu ahal izateko.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.