Malta

Hamabost urteko kartzela zigorra ezarri diote Daphne Caruana kazetaria hiltzeaz akusatuetako bati

Vincent Muscatek aitortu du kazetaria hil zuela, eta ezin izango dio epaiari errekurtsorik jarri. Caruana Galiziak Panamako paperak ikertu zituen, eta herrialdeko hainbat goi kargudunek zituzten ustelkeria kasuak argitaratu. 

Daphne Caruana Galiziaren hilketa salatzeko protesta bat, Maltan. DOMENIC AQUILINA
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko otsailaren 24a
11:35
Entzun

Bonba-auto bat lehertuta hil zuten Daphne Caruana Galizia Maltako kazetaria, 2017ko urriaren 16an. Epaiketa hasi eta hiru urte pasatu ondoren, Caruana Galizia hiltzeaz akusatutako hiru gizonezkoetako batek, Vincent Muscatek, erasoa egin zuela aitortu du, eta 15 urteko kartzela zigorra bete beharko du. George Degiorgio eta Alfred Degiorgio dira Caruana Galizia hiltzeaz akusatutako bertze biak. 2017ko abenduan atxilotu zituzten hirurak. 

Urtarrilean,Muscatek indultua eskatu zuen, eta, auzitegiak hori ukatu ondotik, fiskaltzarekin kolaboratzeari ekin dio. Orain arteko defentsa estrategiari uko egin, eta akusazioa onartu du Muscatek: 15 urteko kartzela zigorra bete beharko du, eta 42.930 euro ordaindu beharko ditu kostu judizialengatik. Gainera, akusatuak uko egin dio sententziari errekurtsoa jartzeko aukerari, eta berehala sartuko da kartzelan.

2019ko azaroan, Maltako Gobernuak indultua eman zion ustez Caruala Galiziaren hilketaren berri zuen herritar bati. Indultua eman eta hurrengo egunean, herrialdeko Poliziak Yorgen Fenech enpresaria atxilotu zuen, hilketarekin zerikusia zuelakoan. Ez zen hori atxiloketa bakarra izan, handik egun batzuetara atxilotu baitzuten Keith Schembri, Joseph Muscat lehen ministroaren kabineteburua. 12 egun geroago dimisioa eman zuen Muscatek.

Caruana Galiziaren familiak hasieratik salatu zuten hilketaren atzean arrazoi ilunak zeudelaPanamako paperak aktiboki ikertzen aritu ziren kazetarietako bat zen Caruana Galizia, eta Maltako gobernuko goi kargudunen ustelkeria kasuak argitaratu zituen. Caruana Galiziak argitara ekarritako eskandaluen artean, besteak beste, salatu zuen Maltako lehen ministro Joseph Muscaten gertuko batzuek negozio iluneko enpresa sekretuak zeuzkatela Panaman. Besteak beste, haren emazte Michelle Tanti, haren kabineteburu Keith Schembri eta Turismo ministro Konrad Mizzi. Kasu horiek guztiak Panamako paperetan filtratutako informazioaren ondorio dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.