Ostalarientzat laguntzak iragarri ditu Pedro Sanchezek

Espainiako Gobernuak 11.000 milioi euro banatuko ditu «enpresak indartzeko». Ez du argitu zuzeneko laguntzak izango diren ala zerga murrizketak.

Pedro Sanchez, gaur. EMILIO NARANJO / EFE
Iker Aranburu.
2021eko otsailaren 24a
12:12
Entzun

Iazko udaberriko konfinamenduaren lehen urteurrenerako bi aste baizik falta ez direla, Espainiako Gobernuak laguntzak iragarri ditu itxialdiak zuzen-zuzenean pairatu dituzten sektore ekonomikoentzat.

Kongresuan egindako agerraldian, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak iragarri du 11.000 milioi euro banatuko dituela «enpresen eta autonomoen artean». Diruaren zatirik handiena ostalarientzat eta turismo sektoreko beste enpresentzat izango dela azaldu du. «11.000 milioi euro izango dira haien balantzeen kaudimena sendotzeko eta jarduerara itzuli ahal izateko, beharrezko inbertsioak egiteko eta behar dituzten langileak kontratatzeko».

Sanchezek, ordea, ez du azaldu nola banatuko dituen diru horiek. Zuzeneko laguntzak eskatu dituzte patronalek eta autonomoen elkarteek, baina zerga murrizketen bitartez egiteko aukerak indar handia du. Hori hautatuko balitz, eragin txikiagoa izango luke Hego Euskal Herrian, zerga sistema propioa baitu. Nafarroako Gobernuak, esaterako, zuzeneko laguntzak banatu dizkie ostalariei, 2019an aitortutako diru sarreren araberakoak. 

Koronabirusaren krisiaren kalteei aurre egiteko ezer gutxi egin duela leporatu diotenei, berriz, erantzun die Espainiako BPGa halako %20 jarri duela gobernuak, hots, 200.000 milioi eurotik gora. Diru horren zatirik handiena joan da ABEE aldi baterako enplegu erregulazioak ordaintzera eta enpresei maileguak emateko ICO kreditu institutuaren bitartez emandako bermeetara.

Horien bitartez eragotzi dute enpresa askok porrot egitea bat-batean diru sarrerarik gabe geratu zirelako, baina orain haietako askoren arazoa desberdina da: hainbat hilabetez fakturazio apalak izan ondoren, enpresaren kaudimena dago arriskuan, haien errentagarritasuna. Eusteko moduan daudenetako batzuk hurrengo urteotan gerrikoa estututa ibiliko dira, inbertsiorik eta kontrataziorik egin gabe, eta horrek krisia luza dezake. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.