Koronabirusa

Urtarriletik koronabirusak jota jende gutxien hil den astea izan da aurrekoa Hegoaldean

90 pertsona hil dira koronabirusak jota azken astean Hegoaldean, iragan astean baino 33 lagun gutxiago. Urtarril hasieratik erregistratu den daturik apalena da heriotzei dagokienez. Beste 468 COVID-19 kasu detektatu dituzte Hego Euskal Herrian, ia 12.000 test eginda.

Nafarroako Ospitaleko ZIUetako gela bat, artxiboko irudi batean. JESUS DIGES, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko otsailaren 24a
13:08
Entzun

Astebetean gaitzarekin hil direnen kopuruak nabarmen egin du behera Hego Euskal Herrian. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, joan den igandera arte 90 lagun hil ziren astebetean birusak jota. Hau da, otsailaren 15tik 21era arteko egunetan izandako heriotzen zenbatekoari dagokio datua. Zehazki, horietako 80 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zendu dira, eta gainerako hamarrak, berriz, Nafarroakoak dira. Azken zazpi asteetan Hegoaldean erregistratu den daturik apalena da. Urtarrilaren 4tik 10era bitarteko astetik aitzina, kopurua beti izan da handiagoa.

Bestalde, birusaren transmisioari dagokionez, Osakidetzak eta Osasunbideak guztira 11.916 proba egin zituzten atzo COVID-19a atzemateko, eta 470 kasu positibo detektatu zituzten. Hala, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, asteartean egindako testen %3,9k eman zuten positibo Hego Euskal Herrian. Kutsatuen datuak lurraldeka aztertuta, positiboen ehunekoa Nafarroan da apalena: %2,65.

Egun bakarrean zenbatutako kasuak herrialdeka aztertuta, Bizkaian 233 kasu zenbatu dituzte asteartean; Gipuzkoan, 103; Araban, 65, eta Nafarroan, 63. Horrez gainera, intzidentzia tasa etenik gabe ari dira beheraka. Azken datuen arabera, Bizkaian 100.000 biztanleko 359 laguni atzeman diete birusa azken hamalau egunetan. Araban, 278 da tasa; Gipuzkoan, 231; eta Nafarroan, 140.

Kasu gutxiago ospitaleetan
Gutxika-gutxika, Hegoaldeko erietxeetan ere hasia da arintzea nabaritzen. Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dutenez, atzo 49 lagun eraman zituzten ospitalera gaitzaren sintomak larriagotuta.
Oraintxe bertan, 558 pertsona daude erietxeetan. Paziente horietako 405 zentroetako gela arruntetan daude, eta 153 daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan, bezperan baino bat gutxiago, alegia. Hain zuzen ere, beste behin, azken hilabetean izandako kopururik apalena da osasun agintariek gaur jakinarazitakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.