Ozeania

Polinesia Frantseseko proba nuklearren eta minbizi kasuen arteko «lotura ezin da egin, oraingoz»

Osasunaren eta Ikerketa Medikoaren Frantziako Institutu Nazionalaren txostenak haserrea eragin du Ozeaniako uhartedian. 193 taldeak «negazionismoa» egotzi dio erakundeari.

Polinesia Frantseseko hiriburu Papeete, artxiboko irudi batean. REMY JOUAN / WIKIMEDIA COMMONS
ander perez zala
2021eko otsailaren 24a
13:34
Entzun

Egun dauden frogak kontuan harturik, «ezin da loturarik egin» Polinesia Frantseseko proba nuklearren eta minbizi kasuen gorakadaren artean, «oraingoz». Ondorio horretara iritsi da Inserm Osasunaren eta Ikerketa Medikoaren Frantziako Institutu Nazionala erakunde publikoa, argudiatuta txosteneko emaitzak ez direla nahikoa bien arteko harremana «modu sendoan» finkatzeko.

Insermeko hamar adituk 1.150 dokumentu eta ikerketa hartu dituzte kontuan ondorio horretara iristeko, baina ohartarazi dute «azterketa osoak» falta direla Polinesia Frantseseko proba nuklearrek eragindakoaren inguruan: «Emaitzok eta datuen arrarotasunak justifikatzen dute beste hurbiltze bat egin beharra dagoela Polinesia Frantsesean egindako proba nuklearren osasun ondorioak aztertzerakoan».

Horri begira, aitortu dute ikerketa epidemiologiko bakanek ez dutela «baztertzen gaur egun arte oharkabean pasatu diren osasun ondorioen existentzia». Txostena Defentsa Ministerioaren 2013ko eskari baten ondorio da, baina, oraingoz, ez du zehatz adierazten proben eta minbizi kasuen arteko lotura. Hori bai, adituek aitortu dute tiroideko minbiziaren intzidentzia handia dagoela Polinesia Frantsesean: «1998-2002ko epean, munduko handiena izan zen, Kaledonia Berrikoarekin batera».

1966tik 1996ra, Frantziak 193 proba nuklear egin zituen Mururoako eta Fangataufako atoloietan, eta horiek ondorio negatiboak izan zituzten uhartediko biztanleengan; horren harira, Morin Legeak kalte ordainen sistema bat finkatu zuen 2010ean, baina, proben ondorioz gaixotasunak dituzten beteranoen elkarteen iritziz, sistema «murriztailea» da —minbizia duten hogei bat polinesiarrek soilik jaso dituzte kalte ordainak—.

Nuklearraren kontrako Polinesia Frantseseko talde nagusiak, 193k, gogor kritikatu du txostena, eta «negazionismoa» egotzi dio Insermi. Auguste Uebe-Carlson taldeko presidentearen iritziz, «ez dute nobedaderik eman, negazionismoaren jarraipena» baita: «193 proba nuklear Hiroshimako 800 bonbaren baliokidea da. Ondoriorik izan ez duela esatea negazionismoa da».

Ozeaniako uhartediko Tavini Huira'atira-FLP (Polinesiar Herriaren Zerbitzuan-Polinesia Askatzeko Frontea) alderdi independentistako diputatu Moetai Brothersonek ere gaitzetsi ditu erakundearen ondorioak, argudiatuta azterturiko dokumentu batzuk «armadak proba nuklearraz dena kontrolatzen zuen urteetakoak» direla.

Insermek esandakoa ez dator bat beste ikerketa batzuekin, tartean CRIIRAD Radioaktibitateari Buruzko Ikerketa eta Informazio Independenteen Batzordearena; izan ere, CRIIRADek, dokumentu berak aztertuta, kontrako ondorioa atera zuen.

Gainera, 2016ko otsailaren 22an, urte horretan Frantziako presidente zen François Hollandek aitortu zuen, Polinesia Frantseseko ordezkarien aurrean, proba nuklearrek eragina izan zutela bost uhartedietan eta hango herritarren osasunean.

Salaketa nazioarteko auzitegian

2018ko urrian, Oscar Temaru Polinesia Frantseseko presidente ohiak eta Tavini Huira'atira-FLPren buruzagiak jakinarazi zuen Frantziaren aurkako salaketa bat aurkeztu zutela NZA Nazioarteko Zigor Auzitegian, Parisek 30 urtez Ozeaniako uhartedietan egindako proba nuklearrengatik.

Independentistek gizateriaren kontrako krimenak egotzi zizkioten Frantziako Gobernuari, eta probak hasi zirenetik «Frantziako presidente izandakoei azalpenak eskatzea» zen helburuetako bat. «Kolonialismo nuklearraren ondorioz hildako guztiei zor genien. Guretzat, proba nuklearrak kolonialismoaren emaitza zuzenak dira», adierazi zuen Temaruk.

Halere, hasieratik zail izan dute ezer lortzea, 2002tik aurrera soilik NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak eskatuta egin ditzakeelako ikerketak NZAk; Frantzia kontseiluko kide denez, eta beto eskubidea duenez, aukera horrek zaila dirudi.

Pazifikokoa Frantziaren kolonia da, eta TOM itsasoz haraindiko herrialdearen estatusa du. 1946tik 2003ra TOM itsasoz haraindiko lurralde izan zen, eta, Frantziako Konstituzioan aldaketa bat egin ondoren, autonomia estatus berria onartu zioten Polinesia Frantsesari, autonomia handiagoa izan zezan.

2013an, Polinesia Frantsesa berriz sartu zuten autonomoak ez diren eta deskolonizatu egin behar diren eremuen NBEren zerrendan —Frantziak handik atera zuen 1963an, proba nuklearrak hasi baino hiru urte lehenago; aldebakarreko erabakia izan zen—, eta horrek atea ireki dio independentzia galdeketa bati; Paris, ordea, aukera horren aurka agertu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.