Tortura

Alemaniak Siriako zerbitzu sekretuetako kide ohi bat kondenatu du torturengatik

Lau urte eta erdiko zigorra ezarri diote Eyad Alghareib Siriako zerbitzu sekretu militarreko kide ohiari. Nazioartean Al-Assaden agintepean egin diren krimenak epaitzen diren lehen aldia da, eta aurrekaria sor dezake.

Alemaniako auzitegi bat, artxiboko irudi batean. RONALD WITTEK / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko otsailaren 24a
13:58
Entzun

Koblenzako Auzitegiak torturen konplize izatea egotzi dio Eyad Alghareid Siriako zerbitzu sekretu militarreko kide ohiari. Lau urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote. Alemaniak prozesu horretan jakinarazi duen lehen epaia da gaur eman duena, eta, beraz, nazioartean Baxar Al-Assaden aginte garaian egin diren krimenak epaitzen diren lehen aldia ere bai. Alghareidekin batera epaitzen ari dira Anwar Raslan Siriako zerbitzu sekretuetako kide ohia ere, eta datozen hilabeteetan jakinaraziko dute zer zigor ezarriko dioten hari.

Aurrekaria sor dezakeelako da garrantzitsua epaia. Etorkizunean nazioarteko epaitegi batek Al-Assad epaitzen badu, orain Alemanian erabili dituzten frogak erabili ahalko ditu Siriako presidentearen aurka. 2015. urtetik, milioi bat errefuxiatu politiko baino gehiago heldu dira Alemaniara, gehienak Siriatik, eta Poliziak eta fiskaltzak haiek jasandako torturen testigantzak eta frogak bildu izan dituzte.

Alghareibi, zehazki, egozten diote 30 atxilotu Siriako zerbitzu sekretuen espetxe batera eraman izana 2011. urtean, non sistematikoki torturatzen zituzten gatibu zituzten pertsonak. Fiskaltzak bost urte eta erdiko zigorra eskatzen zuen, eta defentsak, berriz, absoluzioa. Epaituaren abokatuaren arabera, Alghareibek bere nagusien aginduak betetzen zituen, eta haiek betetzeari uko egiten bazion, desertzioa egotziko zioten. Delitu hori heriotza zigorrarekin ordaintzen da Sirian.

Alghareib 2018. urtean heldu zen Alemaniara, eta Raslan, 2014an. Asilo politikoa eskatuta heldu ziren biak. Herrialdera iritsitakoan, ordea, beste errefuxiatu batzuek zerbitzu sekretuetako kide gisa identifikatu zituzten; jarraian, ikerketa hasi zuen Alemaniako Fiskaltzak, eta, azkenik, bien aurkako akusazio bat aurkeztu zuen torturengatik. Bakoitza bere aldetik epaitzen aritu dira gaur arte, eta horrek eragin du Alghareibi dagokion epaia Raslanena baino azkarrago plazaratzea.

Izan ere, Raslanen aurkako ebazpena atzeratzen ari da egozten dizkioten kargu guztien ondorioz; gutxienez, urrira arte itxaron beharko da hari dagokion epaiaren berri izateko. Zehazki, 58 hilketa eta 4.000 tortura kasu egozten dizkiote. Auzitegiaren arabera, hori da Raslan Damaskoko Al-Jatib espetxearen arduradun zela —2011ko apiriletik 2012ko irailarera— han hil ziren edo torturatu zituzten pertsonen kopuru osoa. Fiskaltzak dioenez, hura zen espetxe hartan egiten zena diseinatu eta gainbegiratzeko arduraduna, baita torturena ere.

Amnesty International erakundearen arabera, «urrats historikoa» da gaur Alemanian egin dutena. Lynn Maalouf erakundeak Ekialde Hurbilean duen ordezkariaren arabera, «epaiketa hori ezinbestekoa da Siriako Gobernuak ilegalki atxilotu, torturatu eta hil dituen lagunentzat justizia lortzeko». Horrez gain, eskerrak eman dizkie bizirik atera eta euren testigantza eman duten siriarrei, «haiek gabe ezinezkoak bailirateke halako epaiak».

Alemaniako EIren burua ere, zigortua

Alemaniako beste epaitegi batek gaur jakinarazi du hamar urte eta erdiko zigorra ezarri diola Abu Ualari, ustez Estatu Islamikoak Alemanian zuen liderrari. Epaitegiaren arabera, Abu Uala elizgizona zen bere sarearen bidez Alemanian zeuden EIko kideak Siriara eta Irakera bidaltzeko arduraduna, han borrokatu zitezen. Prozesu berean epaitu dituzten beste bi laguni ere zortzi eta sei urteko zigorrak ezarri dizkiete.

Hiru urte baino gehiago iraun du prozesuak. Akusatuen defentsak zioenez, Abu Ualak eta beste bi kideek Koranaren muturreko irakurketa egiten zuten, eta EIren ideiak babesten zituzten, baina sekula ez zuten talde armatuarekin hartu-emanik izan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.