Katalunia

Espainiako eurodiputatuek egindako presioa salatu du Puigdemontek

Immunitatea kentzeko Europako Parlamentuko Auzi Juridikoen Batzordeak egindako urratsa espero zutela onartu du, baina «penagarria» dela adierazi. Espainiako alderdiek erabakia txalotu izanak euren kontrako auzia «politikoa» dela erakusten du, Generalitateko presidente ohiaren arabera.

Toni Comin, Carles Puigdemont eta Clara Ponsati, gaur goizean Europako Parlamentuan egindako agerraldian. OLIVIER HOSLET / EFE
Julen Aperribai.
2021eko otsailaren 24a
15:28
Entzun

Europako Parlamentuko Auzi Juridikoen Batzordeak Carles Puigdemont, Toni Comin eta Clara Ponsati Kataluniako politikari erbesteratuei immunitatea kentzearen alde bozkatu zuen atzo, eta erabaki hori salatu dute hirurek gaur, agerraldi bateratu batean. Erabakia «espero izatekoa» zela adierazi du Puigdemontek, baina, edonola ere, «penagarria» dela. Beren aurkako jazarpen politikoaren jarraipentzat hartu du atzoko bozketaren emaitza Kataluniako presidente ohiak, eta horren adibide gisa jarri du Espainiako alderdiek adierazitako poza: «Alemanian atxilotu nindutenean, antzeko ospakizunak egin zituzten».

PSOEk eta Voxek auzi honetan helburu bera dutela esan du Puigdemontek: «Gu hirurok kartzelara eramatea». Asmo horren parte izan ala ez erabakitzea Europako Parlamentuari dagokiola esan du, hark izango baitu azken hitza immunitatea kentzeko erabakiaren inguruan, martxoaren 8an hasiko den osoko bilkuran. «Espainiak disidentzia politikoaren aurka egiten duen presioa onartzen duen erabaki beharko du», adierazi du. Halaber, nabarmendu du ezen, presio horri men egin eta lege babesa ukatzen badiete, Europako instituzioek «aurrekari oso negatiboa» ezarriko dutela «disidentzia politikoaren eta gutxiengo nazionalen ordezkaritzaren aurka». Bruselaren eginbeharra beste bat dela esan du: «Ordezkaritza hori bermatzea eta babestea».

Dena den, normalena parlamentuak erabakia berrestea dela aitortu du Puigdemontek. Kasu horretan, haien aurkako prozedura azkeneraino eramatearen alde mintzatu da, ordea, eta ziurtatu du Europako Justizia Auzitegira joko dutela.

Espainiako alderdiek erabakian izandako esku hartzea kritikatu du Cominek. Azaldu du Espainiako eurodiputatuek «sekulako presioa» egin dutela suplikatorioa Auzi Juridikoen Batzordean onar zedin, eta bozketari «beldurra» ziotela. Europako instituzioak euren izaera morala eta demokratikoa galtzen ari direla gaitzetsi du Cominek, eta adibidetzat jarri du batzordean Espainiako alderdietako ordezkariek zuten presentzia ohi baino handiagoa. Diputatu horiek gabe emaitza aldeko zortzi eta aurkako zortzi botokoa izango zela gogoratu du El País-eko kazetari batek.

Horri erantzun dio Ponsatik, ordea, esanez badakitela kontatzen, eta zaila izango dela atzo bozkatutakoari osoko bilkuran buelta ematea. Horretan ahaleginduko direla nabarmendu du, hala ere. Baita Puigdemontek ere: «Inoiz ez dugu borroka bat galdutzat ematen, eta ez dugu oparirik egingo. Bozketa oinarrizko eskubideen eta askatasunaren ingurukoa bada, irabazi dezakegu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.