MUSIKA

OndarE Oficina aurkeztu dute, euskal musika ondarea ezagutarazteko ekimena

20tik gora konposizioren edizio kritikoak eta disko bat argitaratu ditu dagoeneko ekimenak. "Proiektu zirkularra da hau. Eskuizkribuak aztertzetik partiturotako musika programatzerainoko ibilbidea proposatzen du", adierazi du enpresaren sortzaileak, Josu Okiñena musikariak.

OndareA Oficina ekimenaren aurkezpena Donostian egin dute, Koldo Mitxelena kulturunean. GORKA RUBIO / FOKU
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2021eko otsailaren 24a
17:04
Entzun

"Proiektuaren helburua da garai guztietarako euskal musika editatzea, berreskuratzea eta ezagutaraztea. Proiektu zirkularra da hau, eta bere 360 graduetan ulertu behar da. Partiturak editatzea ezinbesteko oinarria da guretzat, baina, behin hori eginda, piezok entzungai jarri behar dita". Hori da OndarE Oficina ekimenaren funtsa, Josu Okiñena pianista, ikerlari eta irakaslearen esanetan. Bera da egitasmoaren sortzailea, eta, erantsi duenez, zirkulartasun horren baitan sortu dute Ondare Music zigilua: paperera pasatutako musika piezak audioan grabatzeko, "hori ere argitaratzeko modu bat baita".

Eta piezok jandeurrean interpretatzeko kontzertuak programatzerakoan, ahal dela, nazioarteko izen handien ondoan kokatzen dituzte euskal egileak. "Euskal musikaren benetako balio unibertsala ezagutaraztea baita proiektu honen azken helburua. Oraindik ez gara jabetzen herri honek eman digun musikari mailaren norainokoaz. Gu bitartekariak gara". Okiñenak nabarmendu duenez, proiektuak lan eta jakintza eremu asko biltzen ditu, musika arlokoez haratago, aztertutako eta editatutako piezok argitaratzeko eskubideen inguruko kontu guztiak argitu eta zehaztu egin behar direlako. "Osagarri asko dira, beraz, kontuan hartu behar direnak, lan hau egiteko. Eta oinordekoen baimena ezinbestekoa da, jakina. Guk zerbitzu bat eskaintzen diegu, beraiek kudeatzen dituzten obrak argitaratzeko, grabatzeko eta programatzeko".

Abiapuntua

Eresbil Musikaren Euskal Artxiboa da ekimenaren zirkulua marrazten hasteko ezinbesteko puntu bat, Okiñenaren arabera, bertan "milaka eta milaka" pieza gordetzen baitituzte, aztertuak, sailkatuak, argitaratuak izateko zain. Ez da hori eskuizkribuak eskuratzeko eta aztertzeko gune bakarra, "baina Eresbil egiten ari den lan eskerga horretatik abiatuta" da posible duela hainbat urte sortu zitzaion beharrari erantzutea. Zein zen behar hori? Euskal konpositoreen partituren edizioa. Atzerrira kontzertuak ematera joan, euskal musiakien piezak jo eta piezon partiturak eskatzen hasi zitzaizkionean hasi zen sentitzen behar hori: "AEBetako, Latinoamerikako, Japoniako musikariek errepertorio hori eduki nahi zuten, jotzeko, eta orduan konturatu nintzen ez zeudela eskura, ez zegoela aukerarik euskal kultura zabaltzeko".

Gabezia horren kontzientziatik sortu da OndarE Oficina, beraz. Proiektua lan kolektiboan oinarritzen dela birritan esan du, baina, pianistak: "Ikerlariak eta eragile ezberdinak ari dira hemen". Horren berresteko, gaurko prentsaurreko mahaian Enrique Azurza egon da, Euskal Herriko Abesbatzen Elkartearen izenean. "Beti esaten diot Josuri pitin bat erotuta dagoela, eta baietsi egiten naiz proiektu hau ikusita, ez delako erronka erraza; beharrezkoa da, hala ere. Kalitateko edizio hauek ekarpen handia egiten dute, baina proiektu hau harago doa, ikerketan, edizioan, grabaketan eta interpretazioan zentratuko baita. Gure konfederazioa lan horretan parte hartzeko prest dago".

Lan ildoak

Orain arteko lanaren emaitza dira OndareA Oficinak dagoeneko argitaratu dituen Tomas Garbizuren (Lezo, Gipuzkoa, 1901 - Donostia, 1989), Aita Donostiaren (Donostia, 1886 - 1956), Palcual Aldaberen (Lesaka, Nafarroa, 1924 - Donostia, 2013) zein Gabriel Erkorekaren (Bilbo, 1969) konposizioak; 20tik gora guztira.

Ondare Music zigiluarekin, berriz, Aita Donostia. Gabon kantak diskoa aurkeztu zuten joan den hilean. Okiñenak berak eta Gillen Mungia tenorrak interpretatutako 38 pieza bildu zituzten lan horretan —horietatik 25, argitaragabeak—. "Lan ildo bakoitzean talde bat ari da: batean sei, bestean hamar, bestean hiru", Okiñenaren hitzetan. Eta abian dauden proiektuen artean, bi nabarmendu ditu: Aldaberen obra osoa editatu nahi dute haren jaiotza mendeurrenerako —"Akelarre obra editatzen bukatzen ari gara oraintxe bertan"—; eta Garbizuren lan osoa ere argitaratzeko asmoa dute, Jon Makuso ikerlari eta biolinista haren obraren inguruan egiten ari den ikerketa lana oinarri hartuta.

Makuso entzuleen artean zegoen gaurko prentsaurrekoan, hain zuzen ere, eta baita Erkoreka konpositorea, Koldo Saragueta kaputxinoa —Aita Donostiaren ordezkari gisa— eta Pascual Aldaberen eta Tomas Garbizuren oinordekoak ere. "Oinordeko guztiei esker bereziak eman nahi dizkiet, proiektu honekin izan duten konfiantzagatik", azpimarratu du Okiñenak.

Eusko Jaurlaritzari ere esker bereziak eman dizkio, Kultura Sailaren deialdi publikora aurkeztu ostean jasotako laguntzagatik. Laguntza hori ematea beren lana dela erantzun dio Bingen Zupiria sailburuak: "Bizia behar du izan ondareak. Okiñena maisuaren eskutik aurkezten dugun proiektu hau horren erakusgarri on bat dela uste dut. Musika sisteman, tresna ezinbestekoa da, gure musika historiako lanak berreskuratu eta hemen bertan eta mundura zabaldu ahal izateko. Jaurlaritzari honelakoak laguntzea dagokio".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.