Hasi dira 100 urtetik gorakoak txertatzen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

90 eta 100 urte bitartean daudenak izango dira txertoa jasotzen hurrengoak: 39.000 pertsona inguru. Gotzone Sagarduik jakinarazi du aurki txertatzen hasiko direla tutoretzapeko pisuetako eta etxebizitza komunitarioetako adineko pertsonak, eguneko zentroetako erabiltzaileak, eta etxean dauden menpekotasun handiko pertsonak eta desgaitasunen bat dutenak.

Osasun langile bat adineko pertsona bati txertoa jartzen kotxean, gaur, Donostiako ospitalean. GORKA RUBIO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko otsailaren 24a
17:31
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak COVID-19aren aurkako txertaketa prozesuan urrats berri bat egin du, eta adineko egoitzetan bizi ez diren 80 urtetik gorako pertsonak txertatzen hasi. Zehazki, etxean bizi diren 100 urtetik gorako pertsonak txertatzeari ekin dio gaur. Guztira, 25 txertaketa gune ezarri ditu hiru lurraldeetan, eta horietako hirutan, ibilgailutik atera gabe txertatzeko eremu bana prestatu du. Zehazki, Donostiako ospitalean, Gasteizko Santiago ospitalean eta Mungiako (Bizkaia) osasun zentroan  kotxetik jaitsi gabe txertoa jasotzeko guneak ezarri ditu, eta, gaur, hitzordua hartua zuten 100 urtetik gorako lehen pertsonak joan dira txertaketa guneetara lehen dosia hartzera.

Joan den ostiraletik Osakidetza telefonoz harremanetan jartzen ari da  100 urtetik gorako pertsonekin, osasun-zentroen bidez, txertaketarako hitzordua planifikatzeko. Goizez, arratsaldez eta asteburuetan  jarriko zaie txertoa 100 urtetik gorakoei, eta mugikortasun arazoak dituztenek, berriz, etxean jaso ahal izango dute. Ibilgailutik irten gabeko txertaketa ongi badoa, Osasun Sailak ez du baztertzen metodo hori erabiltzea beste kolektibo batzuei txertoa jartzeko.

Osasun Sailaren asmoa da adineko pertsonen txertaketa prozesua era mailakatuan egitea. Izan ere, zabala da oso 80 urtetik gorako pertsonen kolektiboa– adin tarte horretan 162.000 lagun daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan– eta hori dela eta, txertoa adin tarteen arabera mailakatu du Osasun Sailak. Zaharrenetatik hasi da, hau da, 100 urtetik gorako pertsonetatik. 1.800 pertsona inguru daude adin tarte horretan hiru lurraldeetan. 

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur iragarri du adin tarte ezberdinak zehazten joango direla Pfizer txertoen dosiak iristen diren neurrian.  Hala ere, jakinarazi du 90 eta 100 urte bitartean daudenak izango direla txertoa jasotzen hurrengoak; 39.000 pertsona inguru. Jakinarazi du, halaber, aurki txertatzen hasiko direla tutoretzapeko pisuetako eta etxebizitza komunitarioetako adineko pertsonak, eguneko zentroetako erabiltzaileak, eta etxean dauden menpekotasun handiko pertsonak eta desgaitasunen bat dutenak. Halaber, azaldu zuen anbulantzietako langileei aste honetan bertan deituko zaiela txertoa jartzen hasteko.

Nafarroan, datorren astean

Nafarroako Gobernuak datorren astean hasiko da egoitzetan ez dauden adineko pertsonak txertatzen, Javier Remirez gobernuko lehendakariordeak jakinarazi duenez. Litekeena da astelehenean bertan hastea 90 urtetik gorako pertsonak txertatzen, eta adinaren arabera joango dira gainerakoak txertoa jasotzen: 70 eta 80 urte artekoak, 60tik 69ra urtera bitartekoak, eta arrisku taldean daude 60 urtetik beherakoak izango dira, hurrenez hurren.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.