TXIRRINDULARITZA

Italiako Giroak espero zen baino ibilbide samurragoa izango du

Maiatzaren 8tik 30era jokatuko da aurtengo ekitaldia, eta ez du espero zen bezain ibilbide gogorra edukiko, menditsua izan arren. Erlojuaren kontra 38 kilometro egingo dira soilik

Chris Froome, eskuak altxatzen, Zoncolango helmugan, 2018ko Italiako Giroko 14. etapa irabazi berritan. DANIEL DAL ZENNARO / EFE
enaut agirrebengoa
2021eko otsailaren 24a
19:02
Entzun

Zerbait falta du aurten Italiako Giroak. Ibilbide malkartsua aurkeztu dute gaur, igotzaileentzako oso aproposa, mendatean bukatuko diren zazpi etaparekin, baina, halere, zale askok nahiko luketen baino samurragoa izango da. Mendateek ez ezik, erlojupekoek ere gogortu egiten dituzte lasterketak, eta aurtengo Giroan soilik 38,8 kilometro egin beharko dira erlojuaren kontra, lehen eta azken saioetan banaturik. Gainera, 200 kilometrotik gorako lau etapa egongo dira bakarrik –hamar izan ziren iaz–. Bigarren asteak ohi baino garrantzi handiagoa izango duen arren, hirugarrenari mami apur bat falta zaio. Horrez gain, ibilbidetik at utzi dituzte Mortirolo, Agnello, Stelvio eta Gavia mendate ikonikoak: besteak beste, Zoncolanek, Alpe Mottak eta egun berean kateatuko diren beste hiruk egingo dute epaile lana: Fedaiak, Pordoik eta Giauk.

Maiatzaren 8tik 30era jokatuko da proba italiarraren 104. aldia. Lehen hiru etapak jakinak ziren lehendik: lasterketa Turinen abiatuko da, bederatzi kilometroko erlojupeko batekin, eta hurrengo bi etapetan ere Piamonten barna ibiliko da tropela; esprinterrentzako egokia izango da bata, eta ibilbide bihurriagoa izango du besteak. Gero, hegoalderantz egingo du lasterketak, Adriatiko itsasoaren ertzetik behera. 6. etapan, igotzaileen indarrak zertan diren ikusiko da, San Giacomon gora. 9. etapan beste bukaera malkartsu bat egongo da, Campo Felicen. Lehen asteko azterketa nagusia izango da.

Denetarik izango du bigarren asteak. Atseden hartu eta gero, 11. etapan lur gaineko ikuskizuna izango da, Toscanako sterratoan. Montalcinon egongo da helmuga, 2010ean Cadel Evansek euripean eta guztiz lohituta irabazitako etapa gogoangarrian bezala. Hurrengo bi egunetan, berriz, omenaldiei egingo zaie tartea. Ehun urte beteko dira Alfredo Martini txirrindulari eta entrenatzaile ezaguna jaio zenetik, eta haren jaioterritik igaroko da lasterketa, Sesto Fiorentotik, Bagno di Romagnara bidean. Hurrengo egunean, berriz, Dante Alighieriri egingo zaio gorazarre, Ravenna eta Verona lotuko dituen etapan. 700 urte dira poeta italiarra hil zela –Ravenan, hain zuzen–, eta Giroak hainbat keinu egingo dizkio.

Eskalatzaileen txanda

Gauzak serio jarriko dira hortik aurrera. 14. etapak Zoncolan beldurgarrian izango du helmuga –2018an igo zen azkenekoz, eta Chris Froome izan zen garaile–. Gero, ziklistek klasiko itxurako etapa gogorra lehiatuko dute. Esloveniako lurretan sartuko da tropela, eta Tadej Pogacar eta Primoz Roglic erakartzeko amua izan daiteke. 16. etapa, berriz, Fedaia, Pordoi –probako punturik garaiena– eta Giau mendateetatik igaroko da, eta 5.700 metroko desnibela izango du. Biharamuneko atsedena eskertuko dute txirrindulariek.

17. etapak Sega di Ala mendatean izango du helmuga, eta, 18. etapako su etenaren ondotik, errepidea erabat malkartuko da berriro. Alpe di Merak zeresana eman dezake garaipenaren lehian, eta igotzaileek 20. etapan izango dute kolpea emateko azken aukera, Alpe Mottan bukatuko den ibilbide bortitzean –4.200 metroko desnibela izango du–. Amaitzeko, 29,4 kilometroko erlojupeko luzea jokatuko da, sailkapen nagusia iraultzeko balio dezakeena. Irabazleak Milango Duomoaren aurrean jantziko du maglia arrosa, jantzi preziatuak 90 urte beteko dituen aldian. Amets horren atzetik ariko dira Egan Bernal, Mikel Landa, Simon Yates, Vincenzo Nibali, Thibaut Pinot, Romain Bardet, Alexandr Vlasov eta Remco Evenepoel. Iazko garaileak, Tao Geogheganek, berriz, ez du parte hartuko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.