Armenia

Paxinian: «Armadak nire dimisioa eskatzea estatu-kolpe saiakera bat da»

Nikol Paxinian Armeniako lehen ministroak armadako buruzagietako bat kaleratu du, eta Armadako Estatu Nagusiak haren dimisioa eskatu du: «Gobernua jada ez da gai erabaki zentzudunak hartzeko». Karabakh Garaiko ituna sinatu zuenetik kolokan dago Paxinian.

Paxinian, joan den urtarrilean, Moskun, Vladimir Putinekin izan zuen bilera batean. MICHAIL KLIMENTYEV / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko otsailaren 25a
12:14
Entzun

Nikol Paxinian Armeniako lehen ministroak gogor gaitzetsi du herrialdeko armadak egin dion dimisio eskaria: «Estatu-kolpe saiakera bat da». Facebook bidez helarazi du bere iritzia Paxinianek, eta bere jarraitzaileei Erevango Errepublikaren plazan biltzeko eskatu die, protesta egiteko. Horrez gain, jakinarazi du agindu duela Onik Garparian Armadako Estatu Nagusiko burua kargutik kentzeko. Militarrek kanpo politikan «huts larriak» egitea egozten diote lehen ministroari, batez ere galdu zuten Karabakh Garaiko gerran.

Lehen ministroaren adierazpenen aurretik, armadako 30 komandantek sinatutako gutun bat helarazi zuen Estatu Nagusiak, eta argi utzi zuten gobernua eta lehen ministroa jada ez direla gai «erabaki zentzudunak hartzeko».

Sinatzaileek gaitzetsi egin dute tirabiraren jatorria den erabakia: Tiran Jachatrian Estatu Nagusiko bigarren buruaren kaleratzea. Haien iritziz, «arrazoi miopeen» ondorioz hartu zuen erabakia Paxinianek, eta ez zuen pentsatu «Armeniaren interesetan»: «Herrialdea garai zail bat bizitzen ari da, eta erabaki hori urrats arduragabe bat da», gehitu dute.

Militarrek kritika gehiago ere egin dizkiote gobernuari, eta esan dute «denbora asko» daramatela «armadaren izen ona zikintzen duten erasoak» pairatzen, baina denak duela muga bat. Paxinianen gobernuari egotzi diote eraginkorra ez izatea eta kanpo politikan «huts larriak» egitea. Nagusiki, Armeniak iaz Azerbaijanekin Karabakh Garaian izandako gatazka izan dute hizpide Estatu Nagusiko kideek: «Armada beti egon da herriarekin, eta herria armadarekin», amaitu dute. 

Gerraren ondorioak

Oposizioko taldeak, berriz, Paxinianen dimisioa eskatzen ari dira lehen ministroak Azerbaijango eta Errusiako presidenteekin Karabakh Garaiko ituna sinatu zuenetik, joan den azaroaren 10ean. Paxinianek berak aitortu zuen «oso mingarria» izan zela Azerbaijanekin eta Errusiarekin menia sinatzea; izan ere, Erevanek kontrolpean zituen eremu asko galdu zituen.

Armeniak, irail amaieratik azarora bitartean galdutako eremuen kontrola ez ezik, beste batzuena ere eman zion Azerbaijani, bere garaipen handiago bat eragoztearen truke. Armeniar askorentzat umiliazio bat izan zen, baita traizioa ere. Protestak izan ziren Erevanen, eta, ordutik, Paxinianen etorkizuna kolokan dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.