Modernak Hegoafrikako aldaeraren aurkako txertoaren entsegu klinikoa abiarazi du

Farmazia enpresak jakinarazi duenez, Hegoafrikako aldaeraren aurkako errefortzuko dosiak ematea aztertzen ari da.

Modernaren txertoaren artxiboko irudia. MICHAEL SOHN / EFE
Maria Ortega Zubiate
2021eko otsailaren 25a
12:37
Entzun

Immunizazioaren bidean, Modernak beste pauso bat eman du. COVID-19aren B.1.351 edo Hegoafrikako aldaera neutralizatzeko eraginkortasun handiagoa izan dezakeen txerto bat garatu du, eta Osasunaren AEBetako Institutu Nazionalera bidali du, entsegu klinikoaren lehen fasea hasteko. Bestalde, jada banatzen ari diren txertoa eta aurkeztu berri dutena immunitatea landu ez duten pertsonekin probatzeko asmoa azaldu dute.

Birusaren aldaera berriak azalduz joan ahala, txertoen eraginkortasunak zalantza ugari sortu ditu. Modernak berak jakinarazi duenez, jatorrizko txertoak eraginkortasun bera du Europako aldaera nagusiak edo Erresuma Batukoa neutralizatzeko orduan. Hegoafrikako aldaerari aurre egiteko, ostera, txertoaren eraginkortasuna sei aldiz txikiagoa da, eta horregatik erabaki zuen Modernak bere txertoa moldatzea: aldaera horrekiko erasokorragoa izan dadin.

Hori horrela, aldaera berriaren aurkako hiru estrategia aurreikusi ditu farmazia enpresak. Lehenengoan, txerto berria Hegoafrikako aldaeraren aurkako errefortzu gisa erabiltzea planteatu du. Kasu horretan, txertoaren dosi gehigarria bakarra litzateke, eta 50 ug edo beheragokoa —Modernaren ohiko txertoak 100 ug-ko bi dosi dira—. Bigarrenean bi txertoak biltzea eta 50 ug-ko dosia ematea aurreikusi du, eta, azkenean, jada onartuta dagoen txertoaren 50 ug-ko dosi gehigarri bat ematea.

"Espero dugu errefortzu dosi horiek, beharrezkoak balira, erakustea dosi txikiagoekin ere eraginkorra izan daitekeela txertoa. Horrela, askoz dosi gehiago banatu ahal izango ditugu munduan 2021 amaierarako eta 2022rako", adierazi du Stéphane Bancel Modernako zuzendari orokorrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.