Albistea entzun

Indarkeria fisikorik gabeko erasoak bortxaketatzat jotzearen kontra ebatzi du CGPJk

Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak sexu askatasunaren inguruko lege aurreproiektuari buruzko txosten kritikoa onartu du.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean Donostian egindako elkarretaratzea, iaz.
Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean Donostian egindako elkarretaratzea, iaz. Jon Urbe / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jone Bastida Alzuru -

2021eko otsailak 25

CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak sexu askatasunaren inguruko lege aurreproiektuari buruzko txostena eztabaidatu du gaur, eta legearen kontrako hainbat ñabardura egin ditu. Oro har, kritikoa da txostena: haren arabera, Espainiako Berdintasun Ministerioak proposatutako erreforma nagusiak ez dira beharrezkoak. Hala, aurreproiektuaren txostena onartu du gaur CGPJk, aho batez, osoko bilkuran. Hauek idatzi dute testua: Roser Bach Bartzelonako Probintzia Auzitegiko magistratuak, Juan Manuel Fernandez Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko magistratuak, eta Pilar Sepulveda abokatu eta Sexu Erasoen Emakume Biktimen fundazioaren sortzaileak. 

Berdintasun Ministerioak sustatutakoa da sexu askatasunari buruzko legea, eta Zigor Kodearen erreforma planteatzen du, bortxaketa gisa hartzeko emakumeen onespenik gabeko ekintzak, abusuaren eta sexu erasoaren arteko bereizketa ezabatuta; hau da, onespena izango litzateke bortxaketa egon den ala ez ebazteko baldintza, eta ez larderia eta indarkeria. Lege aurreproiektuak onespenaren definizioa jasotzea proposatzen zuen, eta hori honela adieraztea: «Ulertuko da onespenik ez dagoela baldin eta biktimak ez badu libreki azaldu, ezin eztabaidatuzko ekintza dudagabeen bidez, [...] baduela borondatea jarduera horretan parte hartzeko». Beraz, legearen arabera, aurrerantzean «baietz bakarrik da baietz». 

CPGJren arabera, baina, zehaztapen hori egitea ez da beharrezkoa. Horren arabera, onespenaren arazoa ez da kontzeptuala —zer den onespena—, baizik eta frogekin lotua —noiz dagoen onespena—: «Onespenik izan ez dela egiaztatzeko balizko zailtasun prozesalak ezin dira eraman [delituaren] tipikotasunaren eremura, elementu tipiko baten definizio normatiboaren bidez». Txostenaren arabera, lege aurreproiektuak onespenari buruz jasotako definizioak «frogaren karga alderantzikatzea» ekar dezake, defentsak frogatu beharko lituzkeelako onespena definitzen duten jardunak (sexu jardunean parte hartzeko borondatea adierazi izana, besteak beste); eta horrek «errugabetasun presuntzioaren printzipioan eragiteko arriskua» dakarrela uste dute. Gainera, adierazi dute definizioa aldatzeak ez zuela eragotziko emakumeak berriz biktimizatzea. 

Bestalde, txostenean jaso dute sexu abusuak sexu erasotzat jotzeak «biktima babesik gabe uztea» ekar dezakeela, delitugilearentzat ez duelako ondorio handirik izango portaera larriagoa izateak; askatasun sexualaren inguruko lege aurreproiektuak proposatutakoaren arabera, baina, zigorrak lau urtetik hamabost urtera bitartekoak izango lirateke, gertakariaren larritasunaren arabera. Horrez gainera, CGPJren txostenak dio abusuen eta erasoen arteko bereizketa ezabatuta «kaltegarritasun txikiagoa duten jokabideak oso gogor zigortzeko arriskua» ere badagoela. 

Hain justu, zigorretan ere aldaketak jasotzen zituen gobernuaren proposamenak. Esaterako, sexu askatasunaren aurkako delituek urtebete eta lau urte arteko kartzela zigorra izango dute. Bortxaketei dagokienez, erasotzaileek lau eta hamar urte arteko zigorra izango dute larrigarririk ez dagoenean; hamabi urte artekoa izan daiteke larrigarri bat dagoenean; eta hamabost urte artekoa bi larrigarri edo gehiago dauden kasuetan. Espainiako Zigor Kodean delitu berriak ere sartzea asmo du. «Noizbehinkako jazarpena» izango da horietako bat: orain arte «kaleko jazarpen» gisa hartutako erasoak delitu izango dira; kalean ez ezik, baita tabernetan, festa pribatuetan, kontzertuetan eta halakoetan gertatzen direnean ere. Delitu arinak izango dira, eta honela definitu zituen gobernuak: «Biktimari objektiboki egoera umiliagarria, aurkakoa edo beldurgarria dakarkioten adierazpen, portaera eta proposamen sexualak eta sexistak». Askotariko zigorrak jarriko zaizkie erasotzaileei: etengabeko lokalizazioa, komunitatearentzako lanak eta isunak. 

Epaitegi espezializatuak 

Laguntza integral espezializatuko zerbitzu sare bat osatzea ere asmo du legak; delitu sexualak jasan dituzten biktimentzat «krisi zentroak» sortuko dituzte, eguneko 24 orduetan informazioa eta laguntza eduki dezaten, eta haiek artatzeko. Gainera, espezializatutako epaitegiak arduratuko lirateke kasuez. Bachek eta Fernandezek, nolanahi ere, ez dute justifikatutzat jotzen sexu indarkeriako delituetan espezializatutako epaitegi berriak sortzea; Sepulveda ez dator bat puntu horrekin, eta espezializazioa justifikatuta dagoela uste du. CGPJk, gaur eginiko osoko bilkuran, Bachek eta Fernandezek txosten proposamenean adierazitako jarrera babestu du; hots, espezializazioa ez dagoela justifikatuta.

Hainbat pauso eman beharko ditu oraindik lege aurreproiektuak. Kontsulta organoek ebaluatu ondoren, lege proiektu gisa onartu beharko da berriro Ministroen Kontseiluan, eta, ondoren, Diputatuen Kongresura pasatuko da parlamentuan tramitatzeko. Bitarte horretan, talkak egotea espero da. Irene Montero Berdintasun ministroak aurreratu zuen legea aurrera aterako dela epaileen gobernu organoak kontra egiten badu ere; izan ere, txostena ez da bete beharrekoa. Berdintasun Ministerioak martxoaren 8rako bidali nahi zuen legea parlamentura, eta CGPJri egotzi dio txostenaren onarpena atzeratu izana. Tramitazioa gutxienez beste hilabete eta erdi luzatuko dela kalkulatzen dute. Montero kezkatuta azaldu zen atzo CGPJren jarrerarekin.

Gobernuaren lege proposamena, hain zuzen, sanferminetako talde bortxaketak eta auzi horren epaiak eragindako eztabaidatik eratorria da. 2016ko Iruñeko sanferminetan emakume bat bortxatzeagatik, bost gizonezko epaitu zituzten 2017an, eta 2018ko apirilean Nafarroako Probintzia Auzitegiak emandako epaiak sexu abusua egotzi zien bost erasotzaileei. Mobilizazio jendetsuak eragin zituen epaiak, talde bortxaketa sexu erasotzat ez jotzeagatik. 2019an Espainiako Auzitegi Gorenak hala izan zela ebatzi zuen azkenean, baina are haserre handiagoa piztu zuen epaileetako batek emandako boto partikularrak: Ricardo Gonzalez magistratuak absoluzioa eskatu zuen akusatuentzat, argudiatuta talde erasoa «sexu harreman bat» izan zela. 

Erreakzioak

 Berdintasun Ministerioak azkar erantzun dio txosten kritikoaren onarpenari, eta iragarri du aurrera jarraituko duela askatasun sexualaren inguruko lege aurreproiektuarekin. Victoria Rosell genero indarkeriaren aurkako gobernuko ordezkaritzako kideak esan du CGPJren txostenak joera «erregresiboa» badu gobernuaren eta legea proposatu dutenen betebeharra dela «aurrera jarraitzea, Istanbulgo Hitzarmena betetzea». «Badirudi Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia dela betetze hori sustatzen ez duen organo bakarra».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Eusko Jaurlaritzako eta herri ekimeneko euskaltegietako ordezkariak, atzo, lortutako akordioaren aurkezpenean, Bilbon. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Euskaltegietako irakasleen soldata %36 igoko da, Jaurlaritzak lagunduta

Lander Muñagorri Garmendia

Herri ekimeneko euskaltegiekin akordioa egin du Eusko Jaurlaritzak, diru laguntzetan egun baino 10 milioi euro gehiago jasotzeko lau ikasturte barru. Irakasleen eskola orduak %26,5 murriztuko dira
Herriko etxeetako eta Kontseiluko ordezkariak, atzo, Hendaiako herriko etxean. ©GUILLAUME FAUVEAU

Protokoloan proiektu pilotu izanen dira Hendaia, Uharte eta Arrigorriaga

Ekhi Erremundegi Beloki

Euskalgintzaren Kontseiluarekin hitzarmena izenpetu dute hiru herriko etxeek Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren udal garapena aitzina eramateko
Hamaika Garak eta Berriak antolatutako solasaldia, atzo. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Independentzia giltza hezkuntza propiorako

Irati Urdalleta Lete

Egungo hezkuntza sistemaren gabeziez eta sistema propio eta burujabearen beharraz mintzatu dira Hamaika Gara egitasmoak eta BERRIAk antolatutako solasaldian. Ideia bat argi dute: helburua lortzeko, Euskal Herriak independentzia behar du.
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, giza kate bat egin zuten atzo, Gasteizen. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Arabako zahar etxe pribatuetan «hitzarmen duin bat» eskatu dute

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dute grebara, eta hilaren 21ean ere egingo dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.