Grezia

Greziako Kultura ministroaren dimisioa eskatu dute, sexu abusuen kasu bategatik

Lina Mendoni Kultura ministroak Dimitris Lignadis aktorea izendatu zuen Antzoki Nazionaleko zuzendari, eta Lignadisi egozten diote antzezpen klaseak ematen zizkien adingabe migratzaile batzuei abusuak egin izana 2017. eta 2018. urteen artean.

Dmitris Lignadis aktorea, joan den larunbatea, Atenasen atxilotu zuten unean. ORESTIS PANAGIOTOU / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko otsailaren 25a
16:47
Entzun

Dimitris Lignadisen kasuaren zipriztina Greziako Gobernuraino heldu da. Greziako aktore ospetsu hori, Atenasko Antzoki Nazionaleko zuzendari ohia, joan den larunbatean atxilotu zuen Poliziak, eta gaur hasi da fiskaltzaren galderei erantzuten. 2017. eta 2018. urteen artean adingabeko migratzaile batzuei sexu abusuak egitea egotzi diote. Gobernuz kanpoko erakunde batek bidaltzen zituen adingabeak Lignadisengana, hark antzezpen klaseak emateko, eta, orain, fiskaltza GKEa ere ikertzen hasi da adingabeek abusuak salatu arren haiek ez ikertzeagatik.

Lina Mendonik izendatu zuen Lignadis Antzoki Nazionaleko zuzendari, Greziako Kultura ministroak, 2019. urteko irailean. Horregatik, Alexis Tsiprasen Syriza oposizioko alderdi nagusia eta geroz eta indar gehiago hartzen ari den Me Too mugimenduak haren dimisioa eskatu dute, eta egotzi diote Lignadis zuzendari hautatu zuela lagunak zirelako: «Berandu da dagoeneko, baina Mendoni kargutik kendu beharko luke gobernuak, eta biktimei eta greziarrei barkamena eskatu», adierazi du Tsiprasek. Lignadisek otsailaren 6an aurkeztu zuen dimisioa.

Mendonik, joan den astean, argi utzi zuen ez duela dimisioa emateko asmorik: «Oposizioak, gobernuan zegoenean, nik orain jokatu dudan moduan jokatu zuen, Lignadisek orduan ere bazuelako kargu bat Antzoki Nazionalean. Orain jakin dugu gizon arriskutsu bat dela», esan zuen Kultura ministroak. Aristoteli Peloni Greziako Gobernuko bozeramaileak astelehenean aitortu zuen Mendoniren hitzak «lotsagarriak» izan zirela.

Nazioarteko Me Too mugimenduak, berriz, urtarrilean hartu zuen indarra Grezian. Herrialdean Sofia Bekatoru da mugimenduaren burua, belazko txalupekin Atenasko Olinpiar Jokotan urrezko domina lortu zuen emakume bat. Urtarrilean egin zuen publiko 1998. urtean bere federazioko presidenteordearen sexu abusuak jasan zituela, eta ehundaka kirolarik, aktorek eta pertsonaia famatuk egin dute bat harekin. Bai Syrizak, bai Kyriakos Mitsotakis Greziako lehen ministroak babestu egin dute mugimendua, baina orain ardurak eskatu dizkiote Mitsotakisi.

Mugimenduaren erabilera

Momentuz ez du Mendoni kargutik kendu, baina gaur, parlamentuan, sexu abusuak egiten dituztenei ezarri beharreko zigorrak gogortzearen alde jardun du lehen ministroak. Me Too mugimendua, «berez, osasungarria» dela esan du, baina haren kideei eskatu die mugimendua «politikoki ez esplotatzeko», eta Syriza egiten ari den mugimenduaren erabilera gaitzetsi du: «Ematen du bortxatzaileak eskuinekoak soilik direla».

Bi neurri iragarri ditu Mitsotakisek. Batetik, jakinarazi du Zigor Kodean erreformak egingo dituztela sexu abusuen kasuei lehentasuna emateko eta zigorrak gogortzeko. Eta, bestetik, iragarri du gobernuak webgune bat sortuko duela indarkeria horren biktimek salaketak ezarri eta kexak azal ditzaten. Aurrerantzean, gobernuak haur eta nerabeekin lan egiten duten monitoreen erregistro bat eramango du.

Mendoni, gainera, defendatu egin du Mitsotakisek, eta haren lana goraipatu du; esan duenez, egin duen akats bakarra Lignadisi «gizon arriskutsu» deitzea izan da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.