Soldata arrakala

Emakume langileek %29,4 gutxiago kobratzen dute, eta pentsiodunek, %68

LAB sindikatuak sektore feminizatuen egoera aztertu du, eta baldintza prekarioak «kroniko» bihurtu direla ondorioztatu

Garbitzaile bat haurreskola bateko gela bat atontzen. GORKA RUBIO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko otsailaren 25a
16:51
Entzun

Emakume langileen behin-behinekotasun tasa gizonezkoena baino zortzi puntu handiagoa da, eta partzialitate tasan hogei punturaino zabaltzen da alde hori. Lanaldi finkoa ez duten emakumeen batezbestekoa %27,2 da; gizonena, berriz, %19,3. Esan bezala, aldea handiagoa da jardunaldi osoa ez dutenen langileen kasuan: emakumeen %26k ez dute, eta gizonen kasuan, %5,8k. Bi alderaketa horiek LAB sindikatuak sektore feminizatuen egoera orokorraren inguruan eginiko ikerketako emaitzetako bi dira, eta ondorioztatu dute emakumeak «bigarren mailako» langile direla oraindik ere.

Ipar Hegoa fundazioak eta sindikatuaren idazkaritza feministak txosten bat argitaratu dute 183 lan hitzarmen aztertu ondoren. Haien iritziz, gutxieneko legezko soldatak hilean 1.400 eurokoa beharko luke —1.135 euro garbi hilean, hamalau ordainsarirekin—, bada azterturiko hitzarmen horietatik 23k bakarrik dituzte kategoria guztiak soldata horren gainetik. Hitzarmen guztiak batuz gero, 2.300 maila ezberdin bildu dituzte, eta %52,17 erreferentziazko soldata horretatik behera daude. Lagina sektore feminizatuetara —langile gehienak emakumeak dituztenak— mugatuz gero, 45 lan hitzarmen guztira, 840 kategorietatik %71,42tan dute 1.400 euro gordinetik beherako soldata.

Zahar etxeetako egoeran jarri du arreta LABek. «Zerbitzu horiek, etxeko laguntza eta halakoak azpikontratatu eta pribatizatzeak langileen prekarizazio ikaragarria eragiten du, eta zaintzaren inguruan dagoen negozioa laguntzen du. Diru publikoa enpresetara bideratzen da. Hori bukatzeko bidea zerbitzuak publiko bihurtzea da». Azalpena Eli Etxeberria LABeko idazkaritza feministako arduradurarena da. Izan ere, herrialdearen arabera, zahar etxeetako langile batzuen soldata ez da iristen 900 euro gordinera. Bestalde, hauek dira 1.400 eurotik behera dabiltzan beste sektoreak: ileapaindegiak, elikagai merkataritza, merkataritza orokorrean, eraikin eta areto garbiketa, eta Espainiako hitzarmena dute merkataritza gune handietan.

«Eta hori hitzarmena duten postuetan, langileen %8,3k inoiz ez baitute hitzarmenik izan, eta horien hiru laurdenak emakumeak dira», nabarmendu du Oihana Lopetegi Ipar Hegoako azterketa arduradunak. Lan Harremanen Kontseiluko datuaren arabera, 55.000 dira egoera horretan dauden langileak, eta %51,9 etxeko langileak dira. Guztira 28.581 dira Hego Euskal Herrian diharduten etxeko langileak. Errealitate hori aldatzen hasteko, Etxeberriak ezinbestekotzat jotzen du etxeko langileentzako lan hitzarmena lortzea. Alde horretatik, txostenaren egileek nabarmendu dute emakume migratu eta arrazializatu askoren egoera ezin izan dituztela aztertu, sistemarentzat «ikusezinak» direlako.

Arrakalaren kronifikazioa

Eta soldata arrakala? «Ez du aldaketa zantzurik», laburbildu du Etxeberriak: «Sexuaren araberako lan banaketa amaiarazten ez den bitartean, oso zaila izango dela arrakala amaiaraztea». Izan ere, LABen arabera, gizonezkoen batez besteko soldata emakumeena baino %29,4 handiagoa da, eta, azken hamar urteetako bilakaera ikusita, aldaketa gutxi egon da. Egun, gizonek 31.417 euro gordin irabazten dituzte batez beste —1.696 euro garbi hilabetean gutxi gorabehera—, eta emakumeek 24.278 —1.367 garbi hilabetean—; beraz, aldea 7.139 eurokoa da. Datu hori 2018koa da. Bada, hamar urte lehenago, 2008an, arrakala 6.690 eurokoa zen. Datu horiek badute hutsa, baina. Espainiako Estatistika Institutuak aldi baterako kontratuen soldatak urte osora estrapolatzen ditu emaitza konparagarriak jasotzeko, hau da, hamabi hilabetez lan egin izan balu bezala. Hori ez da egoera erreala, eta emakumeen behin-behinekotasuna handiagoa denez, logikoa da pentsatzea arrakala are handiagoa dela.

Arrakala, dena den, ez da soldaten ingurukoa bakarrik, behin erretiroa hartuta pentsioetan dagen aldea are handiagoa baita. Gizonen pentsioak emakumeenak baino %68,4 handiagoak dira. «Lanak birbaloratu behar dira, bizitzaren jasangarritasunari egiten dioten ekarpenaren arabera. Sistemak emakumeekin duen zor patriarkala aitortu behar da, bizitza osoan zaintza lanetan ibili direlako». Gizonen batez besteko hilabeteko pentsioa 1.482 eurokoa da; emakumezkoena, berriz, 880koa.

Txostenean, pentsioen inguruko hainbat datu estatistiko bildu dituzte. Esaterako, emakume pentsiodunen %55,55 pobreziaren arriskuaren mugaren azpitik bizi dira —839 euro hilabetean—; gizonezkoen kasuan, aldiz, %19,47 dira egoera horretan daudenak. Pentsiodunen mugimenduak 1.080 euroan jartzen du gutxieneko pentsioen langa; bada, erreferentzia hori hartuz gero, emakumeen %73,75 ez dira iristen, eta gizonezkoen %33,92 ere ez. Etxeberria ezkor dago etorkizunera begira: «Pentsioetako genero arrakalak zahartzaroa oso baldintza eskasetan izatera kondenatuko gaitu».

Txosten osoa, hemen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.