Enpresak

Euskaltelen irabaziak %28 handitu dira, Virgin markari esker

Aurki itxiko du bere sare propioaren zati bat saltzeko operazioa. Jasotako diruarekin sarea berritu nahi duela azaldu du.

Euskaltelen Zamudioko egoitza nagusia (Bizkaia). LUIS TEJIDO / FOKU
Iker Aranburu - Andoni Imaz
2021eko otsailaren 25a
19:50
Entzun

Koronabirusaren urteak ez zion kalterik egin Euskalteli. Etxeko egonaldiak eta telefono eta Internet bidezko harremanak handitu ziren urte batean, %1,7 handitu ditu diru sarrerak, eta %28, berriz, mozkinak. Zehazki, 79,4 milioi euro irabazi zituen 2020an.

Euskaltelek Virgin Telco markarekin Espainian izandako arrakastari egotzi dio igoera. Iazko udaberrian egin zuen jauzi merkatu horren zati handienera —jada ari zen Galizian, R markarekin, eta Asturiasen, Telecablerekin—, eta bere buruari jarritako aurreikuspenak gainditu ahal izan ditu. Izan ere, 71.000 bezero berri erregistratu ditu zazpi hilabete eskasean, uste baino %50 gehiago. Hamar milioi euro sartu zaizkio haien bidez.

Bezero berri horiek lagundu diote beste merkatu batzuetan izandako jaitsiera txikiak konpentsatzen. Izan ere, guztira taldeak 823.000 bezero baino gehiago izan zituen, 2019an baino %7 gehiago (+53.000). Aurten goranzko bideari eustea espero du: sare finkoko bezeroak 716.000tik 840.000-860.000ra handitu nahi ditu.

Zorra txikitzen jarraitzeko helburua ere badu Euskaltelek. 2020an 31 milioi arindu du zorra (-%2,1), nahiz eta kostu batzuk izan dituen Virgin Telco merkaturatzeak. Horregatik, «finantza egoera oso sendoan» dagoela aldarrikatu du.

Sare propioa, salgai

2020an, Orangeren zuntz optikoaren sarea erabili ahal izateko akordioa lortu zuen Euskaltelek, eta horren bidez lortu zuen 5,8  milioitik 23,4 milioira iristea bere zerbitzuak jaso ditzaketen etxeak. Aurten, berriz, bere zuntz sare propioan egin nahi ditu Euskaltelek, hau da, Eusko Jaurlaritzari merke erositakoa eta Telecablek eta R-k jarritakoa. Sare hori berritzeko dirua behar duela argudiatuta, FibreCo izeneko sozietate baten esku utziko du, eta haren akzioen erdiak bazkide bati salduko dizkio. Akordioa aste gutxi barru dira ixtekoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.