Manchester United 0-0 Reala

Agurrerako itxuratu du

Europa ligatik kanpo geratu da Reala, Manchester Uniteden zelaian hutsean berdinduta. Neurketa orekatua izan da, eta aurrera egiteko aukerarik ez du izan.

Adnan Januzaj, Manchester Uniteden aurkako partidako une batean. Old Traffordera itzuli da belgikarra. PETER POWELL / NMC
Jon Ander De la Hoz.
2021eko otsailaren 25a
22:57
Entzun

Realak amaitu du Europa ligako ibilia. Manchester Uniteden aurkako final-hamaseirenetako kanporaketan nagusi izan da talde ingelesa, eta agerian geratu da egun koska bat gorago dagoen taldea dela Ole Gunnar Solksjaerrek prestatzen duena. Joanekoan jasotako astinduak gutxi utzi zuen jakinkizun, baina Turingo hondamendia apur bat itxuratu du, eta Old Trafforden ez galtzea beti da seinale ona: 0-0 berdindu du Realak.

Imanol Alguacil entrenatzaileak Manchesterren lehiatzea eskatu zien bere jokalariei, eta bezperako dei hori bere egin dute txuri-urdinek. Teknikari oriotarrak zenbait aldaketa egin ditu hamaikakoan; bihotzari kasu egin dio, eta saiatu da aurkaria estu hartuko zuen hamaikakoa zelairatzen. Buru argi ere jokatu du, halaber: jokoan deus gutxi zegoenaren jakitun, aulkian utzi ditu normalean aritu ohi diren zenbait jokalari. Guztira, Zubietan hezitako hamar lagun aritu dira partidan zehar. Bada zerbait.

Talde eraberrituak halakoxe hasiera eman dio Old Traffordeko partidari. Realak oso hasiera ona egin du; pase egokiak bata bestearen atzetik lotuz indartsu egin da zelai erdian, eta une oro Manchester Uniteden arearen inguruan aritu da talde donostiarra. 

Mikel Oiartzabalek eta Mikel Merinok gidatu dituzte txuri-urdinak; konbinazio onak egin dituzte hiru laurdenen eremuan, eta hegaleko jokalariak hondoko marraraino iritsita lortu dute Dean Hendersonen ate ingurura gerturatzea. Zeregin horretan, garrantzi berezia izan dute Aihen Muñoz eta Andoni Gorosabel atzeko lerrokoek, erasoko jokalariengana batu baitira sarri.

Horrek ito egin du etxekoen defentsa, eta Manchesterrek nola edo ahala geratu behar izan ditu Realekoak. Partida hasieran gol bat jasotzeak soilik bizitu zezakeen bisitarien ametsa. Markagailuan aurreratzea gertu izan du Imanolen taldeak; 13. minutuan aldeko penaltia izan dute, baina Oiartzabalek kanpora bota du. Manchester aztoratzeko aukera galdu du eibartarrak.

Hutsaren ondotik Realak erasoan segitu du, baina minutuek aurrera egin ahala orekatzera egin dute indarrek. Unitedek urrats bat egin du aurrera, eta zelai erdian indartsuago aritu da. Hortik aurrera, partida fisikoago bat jokatu dute bi taldeek, eta halakoetan ondo moldatzen diren jokalariek protagonismo gehiago izan dute: Ander Gebararen kasua izan da. Baita atzeko lerroarena ere; joaneko partidan hutsune asko utzi zizkion Manchesterri, eta hori saihestu dute.

Halere, Manchester zenbait aldiz gerturatu da Alex Remiroren atera. Atezainak bi geldiketa on egin zituen, ateak hutsean segi zezan. Haietako bat, Daniel Jamesi. Bi areatako aukerekin eta zelai erdiko orekarekin, hutsean amaitu da lehen zatia.

Bigarrenari ere antzeko ekin dio neurketak. Zirrikitua non, abagunea han. Modibo Sagnanek langara bota du baloia, eta etxekoek gola ere egin dute, nahiz epaileak ontzat eman ez. Ordurako, bi teknikariak aldaketa sorta eginda ziren. Jada kanporaketa erabakita zegoen. Realarentzat lasta handia izan da Turingo partida. Old Trafforden, agurrerako itxuratu du jokoa. Izan bekio etorkizunerako lezio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.