'Euskaldunon Egunkaria' oroitu dute 'Barre Librea' saioan

Hemezortzi urte bete ziren larunbatean euskara hutsezko kazeta indarrez itxi zutela. Aitziber Garmendiak bakarrizketa bat egin zuen atzo, Egunkariak garai hartan sortutako ilusioari eta itxierak eragindako minari buruzkoa. 

Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko otsailaren 26a
11:22
Entzun

Joan den larunbatean bete ziren 18 urte Auzitegi Nazionalaren aginduz Euskaldunon Egunkaria indarrez itxi zutela. Azken egun hauetan batek baino gehiagok oroitu du Euskaldunon Egunkaria. Horietan azkena izan zen, esaterako, Aitziber Garmendiak atzo ETBko Barre Librea saioan egindako bakarrizketa.

«Graziarik ez duen bakarrizketa bat egingo dut», erranez hasi zen Garmendia. «Gaur, aspaldiko lagun bati buruz hitz egin nahi dut, euskalduna bera, euskara hutsean bizi izan zena. 1990eko abenduaren 6an jaio zen, eta 2003ko otsailaren 20an hil zen, ez, barkatu, hil zutena. Hamahiru urte bete gabe, hamabi zituela akabatu zuten, hamaika ikusteko jaioak gara, eta hamar lagun torturatu zituzten».

«Txikia zirudien jaio zenean, beharbada ez zelako bere kargaz ohartzen». Euskaldunon Egunkaria «karga gutxikoa, baina pisu handikoa» zela oroitarazi zuen Garmendiak. «Nola kabitu litezke hainbeste talentu, ilusio, indar eta jakituria hain gorputz txikian. Nola kabitu liteke euskaldun guztiontzat arnasgune izan zen leiho zabal-zabal bat 32 orrialdetan?». 

 Egunkaria itxi eta hemezortzi urtera, Pablo Hasel atxilotu dutela nabarmendu zuen Garmendiak, eta galdetu ea hemendik hemezortzi urtera gizartea nola egonen den. «Zer zaila den egun inor mindu gabe eta inor iraindu gabe aritzea. Azala geroz eta finagoa dugu, eta larrua geroz eta lodiagoa». 

Itxieraz dituen oroitzapenak ere kontatu zituen: «Hemezortzi urte pasa dira, eta 20 urte nituen nik Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean, baina urtetik urtera injustuagoa iruditzen zait». «38 urte ditut orain. Hogei eta hemezortzi. Nola liteke oraindik ere hitz egitean sabela 20 urte nituenean bezala korapilatzea?».  

Aldarri argi batekin bukatu zuen saioa: «Euskaldunon Egunkaria. Joan den larunbatean bete ziren hemezortzi urte itxi zutenetik. Atzo balitz bezala gogoratzen dut. Memoriaren balantzak beti egiten du, zorionez, aukerarik justuena, jakitunena. Gogoratzeak mina ematen digu, baina ahazteak gehiago! Beraz, gogoratu dezagun, memoriak ez dutenek ere ahaztu ez dezaten. Gora Egunkaria!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.