'Gernika' irudikatzen duen tapiza kendu dute NBEren egoitza nagusitik

Rockefeller negozio familiarena da tapiza. Urte anitzez, erakundearen ikur izan da. 

Azken urteetan ehundaka politikari igaro dira tapizaren aitzinetik. Irudian, Arancha Gonzalez Laya Espainiako Atzerri Ministroa. JASON SZENES / EFE
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko otsailaren 26a
11:55
Entzun

Mundu osoan ezaguna da Gernikako bonbardaketa irudikatzen duen Gernika artelana, Pablo Picasso artistarena. 1984. urtetik, Nazio Batuen Erakundeak New Yorken duen egoitza nagusian egon da Gernika artelana irudikatzen duen tapiz handi bat. Zazpi metro luze eta hiru metro zabal zituen tapizak. Gerrak eragiten dituen kalteak oroitarazteko helburuz kokatu zuten han, eraikineko sarrera nagusian.  Orain, ordea, kendu egin dute, tapizaren jabe diren Rockefeller negozio familiak beraiei itzultzeko eskaera egin ondotik. 

Tapiza 1955. urtean eskatu zuen Nelson Rockefellerrek, Rockefeller negozio sagako kide batek. Jacqueline de la Baume-Durrbach Frantziako tailerrean egin zuten, Pablo Picassoren oniritzia zuela. Orain, Nelson A. Rockefeller Juniorrek egin du bertatik kentzeko eskaria, tapiza eskatu zuenaren birbilobak. 

Stéphane Dujarric Nazio Batuen Erakundeko bozeramaileak ez du tapiza erreklamatzeko arrazoien berri eman. Aitzitik, eskerrak eman dizkio Rockereller familiari hainbertze urtez egoitzan paratzeko aukera emateagatik. Egun, NBEren egoitza Rockefeller familiak bere garaian emandako lurren gainean eraikita dago. 

Tapiza egon den pareta hutsik dago egun, eta hemendik aitzinera haren ordez zer paratuko duten aztertzen ari direla nabarmendu du Dujarricek. Erakundea sortu zenetik, bakearen aldeko mezua transmititzen duen hainbat artelan izan dituzte egoitza nagusian. 

Egun, jatorrizko Gernika jobra Madrilgo Reina Sofia Museoan dago ikusgai. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gernikako Udalak behin baino gehiagotan egin dute aldarria obra Bizkaira eramateko, baina eskariek ez dute erantzunik izan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.