Bihar Berria-n

Iparraldeko 111 herri Eskualdeko Parke Naturalaren parte izateko bidean dira

Biharko 'Bizigiro' sailean begiratzen ahalko zaio osatzear den Parke Naturalari, eta mendialdearen ezaugarriak nola deskribatzen dituzten Battitt Laborde Sarako auzapez eta Parke Naturala osatzeko lantaldearen lehendakariak, Caroline Apezetxea mendiko gidak eta Guillaume Cavailles Euskal Herriko Laborantza Ganbarako ingeniari agronomoak.

Larhun mendiaren inguruan landa da nagusi. Giza jarduera apalak alhapidea eskasten du. Iratze, gaztainondo, txilar eta otea dira nagusi. BOB EDME
Ainize Madariaga
2021eko otsailaren 26a
12:03
Entzun

Larhunetik (Lapurdi) has eta Larrainerainoko (Zuberoa) mendialdea kolore anitzekoa da: Kostaldeko klima eztiagoak eta altuera apalak landaredi mota bati uzten diote bizitzen, baina giza jarduera apalak mendia "zikindu" duela diote Battitt Laborde Sarako auzapez eta Eskualdeko Parke Naturala gauzatzeko izendatua izan berri den lehendakariak, eta Guillaume Cavailles ingeniari agronomoak. Horrek, landak sortzen ditu, kabalendako alhapidea eskastuz. Itsasutik (Lapurdi) ekialderaino hasten da alhapidea "interesgarriagoa izaten", soropilak zainduak baitira, "garbituak". Zuberoko gain haietako kareharriak, berriz, zola gainerakoengandik bereizten du, nahiz euri kopuru handiak landaredi azidoa ere sortzen uzten duen: leize eta arroilak ugariak dira gune karstikoan.

Hala, Apezetxeren arabera, kostan gaztainondoek, haritzek, iratzeak eta txilarrek sarbidea zailtzen diote gizakiari, baina Baigorritik (Nafarroa Beherea) goiti, igan ahala, oihanek eta soropilek dute protagonismoa hartzen: giza interesekoa bada (kabalen elikatzeko), soropilak garbi mantentzen dituzte; hala ez bada, oihanak hartua du gunea: pagadi "garbiek".

Artzaintzarik gabe ez litzateke paisaia bera, baina horrek ere kalteak ekarri ditu. Apezetxek azpimarratu baitu ibar zoletako floraren "pobrezia": laborantzako produktu kimikoek eraginik.

Mendialdearen bizizaleen ezberdintasunak ezagutzeaz gain, Bizigiro sailak izanen du bertzerik bihar.

Batetik, Clubhouse aplikazio berriaz mintzatuko da. Edozein gairi buruz eztabaidatzeko aukera ematen du ahotsa protagonista duen aplikazioak.

Bertzetik, zinema atalean ostiralean estreinatuko duten Shadow in the Cloud film berria aipatuko du Bizigirok. Roseanne Liangen zuzendariak beldurraren eta fantasiaren generoak hautatu ditu. Movistar Plus eta Filmin plataforma digitalean ikusgai izanen da. Telesailen atalean, Hierro Espainiako telesaila azken atalera heldu dela kontatuko du Mikel Yarza telesail adituak.

 

Azkenik, Bizigiro-k eskaintzen duen gastronomia atalean elikagaien etiketak ulertzeko tailerra aipatuko da, kontsumitzaileak jakin dezan zuzen zer erosten ari den. Marketinak engaina baitezake eroslea: osasuntsua delakoan kaltegarria den produktu bat eskuratuz.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.