EHUko, Mondragoneko eta Deustuko unibertsitateetako 41 tituluk prestakuntza duala eskaintzen dute

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako unibertsitateetan matrikulatuta dauden 1.380 ikaslek dute aukera, ikasgelan ikastearekin batera, enpresa batean ere lan egiteko.

Deustuko Unibertsitateko ikasle batzuk, Larramendi eraikin berrian, Donostian. DEUSTUKO UNIBERTSITATEA
Irati Urdalleta Lete.
2021eko otsailaren 26a
13:16
Entzun

Enpresa batean egindako lana eta unibertsitateko ikasketak uztartzea. Finean, horixe da unibertsitateko prestakuntza dualak eskaintzen duena. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko 41 titulaziok eskaintzen diete aukera hori ikasleei, gaur Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuorde Adolfo Moraisek eta Unibasq-eko zuzendari Iñaki Herasek Donostian egindako agerraldi batean jakinarazi dutenez. «Datu bikainak» direla azpimarratu du Bildarratzek, baita azken urteetan Hezkuntza Sailak «ahalegin berezia» egin duela ere unibertsitateetako ikasketa dualei «benetako bultzada» emateko.

Orotara,  27 unibertsitate gradutan eta hamalau masterretan eskaintzen diete formakuntza mota hori 1.380 ikasleri; horietako 1.012 ingeniaritza eta arkitektura arlokoak dira, eta 368, gizarte eta lege zientzietakoak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru unibertsitateetan dago horretarako aukera: hamar gradu eta zortzi master Mondragon Unibertsitatekoak dira; beste hamar gradu eta hiru master, EHUkoak; eta zazpi gradu eta hiru master, Deustuko Unibertsitatekoak.

Bildarratzen hitzetan, aurreko legealdian Hezkuntza Sailak unibertsitateak eta enpresa mundua elkarrengana hurbiltzeko hartutako erabakiaren emaitza dira oraingo datuak: «Beharrezkoa zen unibertsitateko ikasleen formakuntzak eduki praktiko profesional handiagoa izatea; gizartean izaten ari diren aldaketen aurrean, ikasleen formazioak ere aldaketa batzuk izan behar zituen». Azaldu duenez, unibertsitateko hezkuntza duala areagotzea izan zen 2017tik bultzatu zuten 2022rako Unibertsitatea+Enpresa estrategiaren helburua. Han ezarritako helburuak gainditu dituztela goraipatu du Bildarratzek: «2022rako 22 titulazio dual izatea aurreikusten genuen, baina kopuru hori erraz gainditu dugu».

Unibertsitateko ikasketek aitortza dual hori jaso ahal izateko, hainbat baldintza bete beharko dituzte: kanpoko enpresa edo entitate batean egin beharko dituzte graduen kredituen %25 eta %50 artean eta masterreko kredituen %40; enpresek konpromisoa hartu beharko dute ikasleen formakuntza finantzatzeko —haiei ordainduz—, enpresan tutoreentzako formakuntza bermatu beharko dute...

Nazioarteko formakuntza ere bai

Unibertsitateko prestakuntza dualaz ez ezik, nazioartekotzearen aitorpenari buruz ere aritu dira. Egun, unibertsitateetako hamar graduk eta sei masterrek lortu dute ziurtagiri hori. Horretarako, hainbat alderdi hartu dituzte kontuan: besteak beste, atzerriko hizkuntzetan eskainitako kredituak, ikasleen mugikortasuna, atzerriko unibertsitateekin elkarlana izatea eta irakasleek eta ikertzaileek hizkuntzetan maila altua egiaztatuta izatea.

Unibasq euskal unibertsitate sistemaren kalitate agentzia arduratu da unibertsitateek dualaren arloan nahiz nazioartekotzearenean egindako proposamenak aztertzeaz eta onartzeaz. Iñaki Heras zuzendariak ere «oso emaitza positiboak» izan direla nabarmendu du: «Bi hitzetan esanda, [unibertsitateko prestakuntza dualean] eredu bat sortzen eta bultzatzen ari gara, eta hor egindako lanak erreferente bilakatu gaitu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.