Eskozia

Alex Salmond: «Eskoziako buruzagitzak huts egin du»

Eskoziako lehen ministro ohiak parlamentuko ikerketa batzordean deklaratu du gobernuak gaizki kudeatu zituela haren aurkako sexu eraso salaketak. Agintari izandakoak baieztatu du kexa agertu zuen emakumeetako baten identitatea jakinarazi ziotela.

Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohia, gaur, parlamentuko ikerketa batzordean. EFE
ander perez zala
2021eko otsailaren 26a
16:58
Entzun

Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohiak hitz egiteko beharra eta nahia zituen, gertaturikoaren bere bertsioa emateko gogotsu zegoen. Agintetik eta politikatik kanpo urte asko pasatu dituen arren, eroso dagoenaren sentsazioa eman du parlamentuaren batzordean egindako deklarazioan, azken urteotan lorturiko garaipen judizialek eman dizkioten bultzadak baliatuta; erabakitasunez erantzun dizkie diputatuen galderei, haiei aurre egin ere bai, argudiatuta ez duela frogarik eman behar, auzitegiek jada ebatzi dutelako Eskoziako Gobernuaren sexu eraso salaketei buruzko ikerketa legez kanpokoa izan zela. «Hau ez da niri buruzkoa, ez dut ezer frogatu behar. Beste batzuen jarrerari buruzkoa da. Eskoziako buruzagitzak huts egin du».

Salmonden hilabeteotako jarrerak kimera sentsazio bat sortu zuen parlamentuko batzordearen aurrean deklaratuko ote zuenaren inguruan, baina azkenean eman du pausoa, tartean fiskaltzak bere alegatuaren parte bat zentsuratu duen arren. Eskoziako lehen ministro ohiak egindako salaketek oihartzun handia izan dute, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalari, egungo gobernuburu Nicola Sturgeoni eta haren gertukoei egotzi baitie bere «izen onari kalte egin nahi izatea»; eta ez hori bakarrik, argudiatu baitu kartzelatua ere ikusi nahi zutela. «Asmo txarrez eta era koordinatuan» aritu ziren, haren arabera.

Sei urte baino gehiago pasatu dira independentzia erreferenduma galdu ostean Salmondek kargua utzi zuenetik, eta oraingoan Eskoziako Parlamentura mendeku tonuarekin itzuli da, batez ere Sturgeonen aurka. Behin baino gehiagotan leporatu dio Ministroen Kodea hautsi izana gezurra esateagatik, eta, hortaz, argudiatu du lehen ministroak dimisioa eman behar duela.

Gaur ere ideia bera defendatu du batzordea osatzen duten diputatuen artean, adierazita gobernuan ez dela kargu uzterik izan, nahiz eta auzitegi batek ebatzi zuen legez kanpoko ikerketa bat egin zutela: «Ardurak norbere gain hartu behar dira. [Gobernuak] Gaizki kudeatu ditu akusazioak».

Horrekin batera, iradoki du botere banaketa ez dela erabatekoa Eskozian, fiskaltzak iragan asteazkenean bere alegatuaren parte bat moldatzeko eman zuen aginduaren harira. Izan ere, Salmonden ustetan, «froga giltzarri asko kendu» dituzte, «nahita eta modu kalkulatuan». Eskoziako Parlamentuak bitan eskatu dio gobernuari argitara emateko sexu eraso salaketak kudeatzeko moduaz jaso zuen gomendio legala, baina Sturgeonen lantaldeak ez du halakorik egin oraindik.

Garai batean, SNPko buruzagi eta buruzagiorde gisara, gatazkako bi protagonistak mugimendu nazionalistaren liderrak izan ziren, aliantza sendo bati eta gertuko harreman bati esker. Horren harira hartu zuten Sturgeon Salmonden ordezko naturaltzat, eta hala eskuratu zuen hark independentismoaren gidaritza.

Urte horietan sortutakoa, ordea, erabat hautsi da, gobernuburu ohiaren aurkako sexu eraso salaketek sortu duten egoeragatik. Horren erakusle izan da Salmonden parlamentuko batzordeko deklarazioa, egungo lehen ministroaren aurkako hainbat mezu izan baititu; haren kontrako mitin bat zirudien, modu batean.

Bi garaipen judizialetatik tiraka

2018ko abuztuan, The Daily Record egunkariak argitaratu zuen Eskoziako Gobernuak Salmond ikertu zuela, hura lehen ministro zen garaian ustez emakume batzuei egindako jazarpenengatik. Gobernuburu ohiak akusazioak ukatu zituen, SNPtik atera zen eta gobernua justiziaren aurrera eraman zuen ikerketa horrengatik; 2019ko abuztuan, Saio Auzitegiak arrazoi eman zion, ebatzi baitzuen Sturgeonen lantaldearen ikerketa legez kanpokoa eta lerratua izan zela. Gerora, 2020ko martxoan, Auzitegi Nagusiak absolbitu egin zuen hamahiru sexu eraso delituetatik.

Bitartean, egungo lehen ministroak aitortu zuen Salmondekin bost aldiz mintzatu zela auziaz —horietako batean bere etxean— gobernua ikerketa egiten ari zen bitartean, baina hori Leslie Evans Idazkari Iraunkorrari —funtzionario bat da— jakinarazi zion harekin izandako hirugarren bilkuran, ez lehenengoan.

Sturgeonek, gainera, parlamentuko batzordeari idatziz adierazi zion bere etxean Salmondekin izandako bilkura batean jakin zuela sexu erasoen salaketen berri, baina gerora publiko egin zen topaketa hori baino hiru egun lehenago gobernuburu ohiaren lantaldeko kide batekin elkartu zela —Salmonden arabera, auziaz hitz egiteko—; lehen ministroak erantzun zuen elkarrizketa hori izana «ahaztu» egin zitzaiola. Horrek hainbat galdera sortu ditu: gobernuburuak zehazki zer ote zekien, eta zergatik elkartu zen Salmondekin modu pribatuan, ezkutuan.

Informazio horiek argitara eman ostean osatu zituzten parlamentuko bi batzordeak: bata gobernuaren ikerketa ikertzeko, eta bestea lehen ministroak gezurra esan ote zuen argitzeko. Paraleloki, Irlandako Errepublikako Fiskaltzaren buruzagi izandako James Hamiltoni eskatu zioten zehazteko Sturgeonek Ministroen Kodea hautsi ote zuen; hain justu, azken hori da agintariarentzako mehatxu handiena, baiezkoa ondorioztatzen badu dimisioa ematera behartuta ikusiko baitu bere burua.

Salmond gogor aritu da hilabeteotan SNPren buruzagitzaren aurka, baina batez ere Sturgeonen kontra. Batzordeari adierazi dio baietz, jakinarazi ziotela sexu eraso salaketa egin zuen emakumeetako baten identitatea, eta horrek garrantzi handiagoa eman dio lehen ministroaren deklarazioari, datorren asteazkenean pasatuko baita batzordearen aurretik. Atzo, parlamentuan, diputatuek emakumearen identitateaz eta sexu eraso salaketen aurrean egindakoaz galdetu zioten, baina agintariak ez zuzen erantzunik eman, adierazita datorren asteazkenean arituko zela horretaz.

Ikusteko dago, gainera, ikerketa batzordeak emango duen hurrengo pausoak zer eragin izango duen: fiskaltzari eskatuko diote argitara eman ditzala SNPren eta Eskoziako Gobernuko goi kargudunen telefono mezuak, Salmondek argudiatu baitu horiek frogatzen dutela haren aurka «konspiratu» zutela.

SNP, aspaldidaniko unerik hoberenean

Oposizioko alderdiek urteak daramate Sturgeon agintetik botatzeko edo ahultzeko arrazoien bila, baina orain arte ez dira gai izan lehen ministroa pixka bat bada ere kezkatzeko. Asteotako gertakariek, baina, atera ireki diete hori egiteko, mugimendu independentista eta SNP bitan zatitzeko arriskuan baitaude, hain justu, alderdia aspaldidaniko unerik hoberenean dagoenean.

Ipsos Mori etxearen asteotako ikerketa batek dio SNPren eta lehen ministroaren babesa txikitu egin dela, baita alderdiarekiko duten ikuspuntua ere. Independentisten aldeko botoa oraindik sendo dagoen arren, inkestak lehen alerta mezua bidali dio Sturgeoni.

Maiatzaren 6an egingo dituzte parlamenturako bozak, eta, aurretik, gobernua balizko bigarren erreferendumaren data eta galdera aurkeztekotan da. Datozen asteetako gertakariek, hortaz, finkatuko dute epe laburrera eta ertainera begirako estrategia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.