Klima larrialdia

Herrialdeen planak ez dira aski Parisko Hitzarmeneko xedeak betetzeko

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ohartarazi du, oraingoz, mahai gainean dauden planak oso urrun daudela Parisko Hitzarmenak helburu duen bi gradutik beherako berotzea lortzeko.

Extinction Rebellioneko ekintzaileak, gaur, Varsovian. RAFAL GUZ / EFE
inaki petxarroman
2021eko otsailaren 26a
17:13
Entzun

Klima larrialdiari aurre egiteko plan handinahiagoak eskatu ditu NBEk. Parisko Hitzarmena sinatu eta bost urtera egin behar den planen behin-behineko berrikuspena egiten ari da Klima Aldaketari Buruzko Esparru Konbentzioa (UNFCCC). Parisko Hitzarmena sinatu zuten herrialdeen %40k bakarrik berritu dituzte berotegi gasen isurketen murrizketei buruzko konpromisoak. Hain zuzen ere, 2020. urtearen amaierarako bidali behar zizkioten NBEri plan berrituak. Izan ere, Parisen sinatu zituztenak aurrera eramanez gero, zientzialariek aurreikusi baitute hiru gradu berotuko dela munduaren batez besteko tenperatura mende amaierarako.

Konpromisoak berritu dituzten herrialdeen isurketak guztirakoen %30 baino ez dira. Eta agindu dituzten helburu berriekin, 2030erako espero zirenak baino %1 txikiagoak izango dira isurketak, 2010ekoen aldean. Aldea oso txikia dela ohartarazi du Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak, eta erakundeak argitaratu duen txostena planetarentzako «alarma gorri bat» dela gaineratu du, herrialdeak ez daudelako «inondik inora gertu» Parisen sinatu zituzten konpromisoak betetzeko. Hamarkada honen bukaerarako isurketak %45 gutxitzea eskatu dute zientzialariek, Parisko Hitzarmenak eskatu duen gradu eta erdiko berotzearen xedeak bete ahal izateko.

NBEren txosten honi, baina, falta zaio elementu garrantzitsu bat. Izan ere, oraingoz ez dituzte jaso AEBen eta Txinaren helburu berrituak. Bi herrialdeenak dira munduaren isurketen %40 inguru. Haienak ez ezik, Indiarenak ere ez dituzte jaso, eta beste herrialde indartsu batzuen konpromisoak helarazi badituzte ere, aurreko helburuak ez dituztela handitu ohartarazi du NBEk. Hori da, esate baterako, Errusiaren, Australiaren eta Brasilen kasua.

Itxaropen izpi bat

NBEk ontzat jo ditu helburuak hobetu dituzten herrialdeen planak. Guztira, 75 herrialdek hobetu dituzte aurretik azaldutako konpromisoak. Euren ekarpena, baina, mugatua da, munduaren isurketen %30 bakarrik egiten baitituzte herrialde horiek. Konpromiso handinahiagoak aurkeztu dituztenen artean daude Europako Batasuna -%55 gutxituko ditu isurketak 2030erako- eta Erresuma Batua -%68 gutxituko ditu-. Bi horienak, baina, munduaren isurketen %10 bakarrik dira une honetan.

Patricia Espinosa UNFCCko idazkari nagusiak txostenaren aurkezpenean azaldu duenez, argazkia osatzeko falta zaizkie Txinaren eta AEBen planak. AEBak Parisko Hitzarmenera itzuli berri dira, eta Joe Bidenen administrazioak agindu du berehala aurkeztuko duela AEBen plan berria. Txinak ere beste hainbeste egin beharko luke. Bi herrialdeek iragarri dute karbono neutraltasuna lortzeko helburua dutela mende erdirako. Epe laburragoko plan zehatzik, ordea, oraindik ez dute aurkeztu. Alde horretatik, gaur aurkeztu duten txosten hau osatu ahal izango dute azaroan Glasgowen (Eskozia) egitekoak diren COP26an. Espinosak ohartarazi du munduari denbora agortzen ari zaiola, eta ekintzak oso atzeratuta daudela: «Zerbait erradikalagoa behar dugu». COVID-19aren ondorengo egoerak ematen dituen abagunea baliatzeko eskatu du: «COVID-19aren ondorengo berreraikuntzak galdu ezin daitekeen aukera bat ematen du». Deskarbonizazio planen azkartzea eta ekonomia berreraikitzeko plan «berdeak" eskatu ditu horretarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.