Levante 1-1 Athletic

Eraginkortasun txikia, uzta ere halakoxea

Athleticek berdindu egin du Levanteren zelaian, galtzen joan eta gero. Bi golak penaltiz sartu dituzte. Zuri-gorriek aukera onak alferrik galdu dituzte.

jarraia194252.jpg
Aitor Manterola Garate.
2021eko otsailaren 26a
23:19
Entzun

Golik gabe ez dago festarik, eta ondo jokatzea beti bada ere hobea, eraginkortasunik gabe ez du askorako balio. Ez behintzat, sailkapenean, eta horixe da talde baten maila neurtzen duena. Ondo jokatu du gaur gauean Athleticek Levanteren zelaian, baina eraginkorra izan ez denez aurkariaren arean, uzta txikia ekarriko du Euskal Herrira: puntu alea.

Galtzen joan da Marcelinoren taldea. Lehen zatian, 33. minutuan, Rogerrek penaltiz sartu du etxekoen gola. Hortik aurrera sortu dituzte zuri-gorriek aukera garbienak, baina ezin baloia sarera bidali. Williamsi atepetik atera diote berdinketako gola litzatekeena 35. minutuan, eta antzekoa gertatu zaio handik zazpi minutura. Beste horrenbeste jazo da Berenguerrekin atsedenaldia gainean zenean.

Berdinketa beste penalti batek ekarri du. Berenguerri ostikada emateko keinua egin du Vukcevicek, baloia jotzera zihoanean nafarrak aurrea hartu diolako. Zuzenean, azkar batean penaltia adierazteko jokaldia izan da, eta hori egin du Diaz de Mera epaileak. Baina errepikapenetan, ez da garbi azaldu jokaldia, benetan ostikada jo dion edo ez. Ezezkoa gehiago eman dute aditzera irudiok, zerbait ematekotan. Epaileak, hala ere, ez du beharrezko ikusi jokaldia VAR-en ikustea, eta Raul Garciak berdindu du emaitza.

Hasierako lekuan zen partida, hortaz. Eta Espainiako Kopan bi taldeen arteko kanporaketa dagoen toki berean: berdinduta eta bana. Datorren ostegunean izango da finalerdietako itzuliko partida hori, gaurko zelai berean, eta gaur bertan hasi dira norgehiagoka hori jokatzen. Izan ere, Marcelinok Muniani atseden eman dio 66. minututik aurrera. Erabaki horrek ez du kolpe batean aldatu partida, kanpotarrek jarraitu dutelako etxekoen area inguruan jokatzen, azkeneko horiek oso atzean sartuta egon direlako, kontraeraso zitalen bat noiz harrapatuko.

Geroxeago aldatu da partidaren itxura pixka bat, Levante Unai Simonen areara trantsizio bizkorren bidez iristen hasi denean. Atera ere jaurti du, baina Athleticeko atezainak ondo bete du bere lana. Marcelinorenek ere izan dituzte erdiraketa on batzuk, baina area barruan errematzaileak falta, Raul Garcia han inguruan azaldu bada ere.

Berdinketarekin 30. puntua du Athleticek. Bederatzigarren da oraingoz. Azkeneko bost partidak kontuan hartuta, hirugarren berdinketa du; bana dauzka irabazita eta galduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.