Arrantza

Euskadiko Angulero Elkartea sortu dute

Gipuzkoako 140 angulazalek eman dute izena jada elkarte sortu berrian. Bat eginda, erakundeek euren ahotsa entzutea dute helburu, azken urteotako «ziurgabetasun egoera» bukatzeko

jarraia194289.jpg
Iñigo Gaiton - Gipuzkoako Hitza
2021eko otsailaren 27a
11:55
Entzun

Azken urteotako kezkak elkarrekin trukatu eta gero, Gipuzkoako eta Bizkaiko angulariak elkartu egin ziren, eta Euskadiko Angulero Elkartea sortu zuten urtarrilean. Helburu berak bildu ditu arroa desberdinetako arrantzaleak: borroka egin nahi dute, tradizioari eutsi eta arrantzan urte luzez jarraitu ahal izateko.

Angulariek azaldu dute arrantzarako aukerak murriztuz joan zaizkiela-eta aspaldian «ziurgabetasun egoeran» bizi izan direla. «Eta hartzen dituzten erabakietan ahotsa izateko helburuarekin batu gara», adierazi du Unai Eizagirrek, Euskadiko Angulero Elkarteko presidenteak.

Sortu berri duten elkartean Gipuzkoako 140 angulari daude izena emanda, eta horiek Oria, Urola eta Deba ibaietan jarduten dute anguletan. Arroa guztietako ordezkariak ditu urtarrilean sortu zuten taldeak. «Bi bozeramaile dauzka ibai bakoitzak, eta bi gehiago arrantza txaluparekin egiten den tokietan; alegia, lehorreko bi eta ontzitik jarduten duten beste bi», zehaztu du Eizagirrek.

Etorkizun «zaila»

Angulen arrantza tradizio handiko jarduera da Gipuzkoan, eta, belaunaldiz belaunaldi, modu naturalean transmititu izan da familietan eta lagun artean. Presidentearen iritziz, gaur egungo baldintzen ondorioz etorkizunak ez dauka itxura onik kolektiboarentzat: «Elkarteko kiderik gazteenak 40 urte inguru izango ditu; hortik atera kontuak. Anguletarako aurreneko lizentzien banaketa 2003an egin zuten, eta ordutik ez dira berritu baimenak». Eizagirrek dio jendea «arrantza utziz» joaten dela adinean aurrera egin ahala. «Eta gazteei ez zaie aukerarik ematen anguletan hasteko. Erreleborik ezean, ez daukagu etorkizun onik».

Lizentzien gaiaz gain, arrantzarako duten egun kopurua ere kezka iturri da angularientzat. Izurriteak geldirik egotera behartu ditu azken hilabeteotan, baina, pandemiarik egongo ez balitz, neguan bi hilabete eta erdi izango lituzkete anguletara ateratzeko. Denbora tarte horretan «benetako egunak» zenbat diren argitu du Eizagirrek: «Anguletara ateratzeko oso baldintza zehatzak behar izaten dira —mareak, esaterako—, eta, horiek kontuan izanik, lehorretik jarduten dutenek neguan hogei egun izango lituzkete arrantzarako, eta txaluparekin ibiltzen garenok, hamar. Oso gutxi da».

Eizagirre kritiko agertu da erakundeen jokabidearekin. «Gu saiatu izan gara elkarlanerako zubiak eraikitzen, baina gutxi jaso dugu bueltan». Euskadiko Angulero Elkarteko presidenteak zehaztu du «hamabost urte baino gehiago» direla Azti ikerketa zentroarekin elkarlanean hasi zirela. «Eta ikerketak egin arren, inoiz ez digute eman emaitzen inguruko informaziorik».

Presidenteak salatu du agintarien erabakiak onartu beste erremediorik ez dutela izaten; euren iritzia ez dutela kontuan hartzen: «Gure kolektiboak ezagutza handia du, ibaietan ordu asko eta asko pasatzen ditugulako. Horrek zerbaitetarako balio beharko du, ezta?».

Angulen iraupena kolokan egon zitekeela ikusi eta gero, Europako Batasunak egitasmo bat abiatu zuen 2010ean, helburu nagusi batekin: espeziea leheneratzea eta haren iraupena bermatzea. Horretan oinarrituta, angularien jarduna mugatzea izan zen hartutako neurrietako bat.

Biodibertsitatean, galera

Eizagirreren iritziz, beste hainbat faktorek ere eragina dute espeziearen iraupenean, baina salatu du ez dutela jaso horien gaineko informaziorik: «Ikertu al da ibaien bokaletan egin diren hormigoizko murruek eta antzerako obra handiek angulei nola eragiten dieten? Oria ibaiaren kasuan, zientzialariek diote uraren kalitatea sekula baino hobea dela, baina biodibertsitatea galdu egin dela ikusi dugu guk, argi: izkirak, karramarroak, algak, arrain txikiak... Horiek guztiak falta dira».

Presidenteak baieztatu du azken denboraldietan angulak ikusi dituztela, eta, haren iritziz, «gehiegizkoak» dira indarrean dauden neurriak. «Argi gera dadila: gure kolektiboari interesatzen zaio gehien espezieak irautea. Angularik ez bada, akabo arrantza eta akabo tradizioa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.