Elezkano-Zabaleta 22-8 Jaka-Martija

Jaka eta Martija, burua altxatu ezinik Tolosako partidaren ondoren

Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatu zen partida eta gero, azken postuetan dago oraindik ere Jaka eta Martija pilotarien bikotea; izan ere, garaipen bakarra lortu dute gaurdaino.

22 eta 8 galdu zuen partida Jaka eta Martija pilotarien bikoteak. ANDONI CANELLADA, FOKU
2021eko martxoaren 1a
09:44
Entzun

Kinka larrian dago Erik Jaka eta Julen Martija pilotarien bikote profesionala. Atzo jokatu zuten partida Danel Elezkanoren eta Jose Javier Zabaletaren aurka –22 eta 8 gelditu zen markagailua–, eta, beste aste batez jarraian, galdu egin zuten norgehiagoka. Nahi eta ezin ari dira Jaka eta Martija binakakoan, eta jardunaldiaren bederatzigarren partiduan ere huts egin zuten. Tolosako (Gipuzkoa) Beotibar pilotalekuan jokatu zen partida, pandemiaren ondorioz hartutako segurtasun neurriak direla eta, ikus-entzulerik eta zalerik gabe.

Emaitza horrekin, azken postuetan dago oraindik ere Jaka eta Martija pilotarien bikotea; izan ere, garaipen bakarra lortu dute gaurdaino. Elezkanoren eta Zabaletaren bikoteak, berriz, zortzi garaipen lortu ditu dagoeneko, eta sailkapen orokorraren buruan daude oraindik ere. Atzo ere lehen minutuetatik gailendu ziren Elezkano eta Zabaleta, eta bikote galtzailearen aurretik aritu ziren norgehiagoka osoan: 3-2, 5-2, 9-5, 12-7, 14-8 eta 8-0 markagailuko azken takadatik 22-8 arte, 49 minutu iraun zuen erakustaldian.

 «Lana; beste sekreturik ez dago»

Aparretan zeuden Erik Jaka eta Julen Martija duela gutxi: Jakak aurreneko txapela irabazia zuen, buruz burukoa, baita lau eta erdikoaren finala jokatu ere; Martijak ere estreinako txapela jantzia zuen, binakakoa, Joseba Ezkurdiarekin. Baina gora egiten duen moduan, aparrak azkar egiten du behera. BERRIAk duela hiru aste hitz egin zuen Jakarekin, eta aitortu zuen «gauza txar gehiegi» pasatu zaizkiela «oso denbora gutxian».

Bolada txarraz jakitun, egoera iraultzeko gogoz agertu zen Jaka. «Lana; beste sekreturik ez dago», azpimarratu zuen. Eta, hain justu, lanean jarraituko zutela nabarmendu zuen: «Orain arte egin dugun bezala, baina segida gehiagorekin. Une onenetan ibili garenean bezala ari gara entrenatzen eta zaintzen. Bolada onak eta ez horren onak egon ohi dira, eta gu orain ez gaude bolada onean. Baina lan ona egiten ari gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.