Myanmar

Gutxienez hemezortzi lagun hil dira Myanmarko junta militarraren aurkako protestetan

Poliziak eta armadak manifestarien aurka «benetako munizioa» erabili zuela dio NBEk. Atzoko protestetan 1.000 lagun inguru atxilotu zituztela jakinarazi du AAPP Myanmarko Preso Politikoen Laguntzarako Elkarteak.

Manifestari bat negar eragiteko gas artean, atzo, Yangun hirian. LYNN BO BO / EFE
2021eko martxoaren 1a
10:31
Entzun

Egun odoltsua izan zen atzokoa Myanmarren. Gutxienez hemezortzi lagun hil eta 30 zauritu ziren, armadaren aurka herrialdeko sei hiritan egindako protestetan, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera.

«Indar polizialek eta militarrek manifestazio baketsuei aurre» egin zieten herrialdeko hainbat tokitan, NBEren Giza Eskubideen Batzordeko goi mandatari Michelle Bacheletek adierazi duenez, eta «indar hilgarria» erabili zuten horretarako. Erakundeak jasotako informazioak dioenez, Yangun, Dawei, Mandalay, Bago, Pokokku eta Myeik hirietan tiro egin zuten manifestarien aurka, eta tiro horien ondorioz hil dira zenbatutako hemezortzi lagunak. Protestarien aurka gomazko pilotak, negarra eragiteko gasa eta belaki granadak ere jaurti zituztela zehaztu du NBEk.

Otsailaren 1ean armadak estatu kolpea eman zuenetik izandako istiluetan 30 lagun hil direla jakinarazi du AAPP Myanmarko Preso Politikoen Laguntzarako Elkarteak, eta atzo bakarrik hogei lagun hil zirela. Atzo izandako istiluetan 200 zauritu inguru izan zirela uste du elkarte horrek, eta 1.000 lagun inguru atxilotu zituztela. Gainera, esan du balitekeela datozen orduetan hildakoen kopurua handitzea.

Orotara, 1.132 lagun atxilotu dituzte estatu kolpearen aurkako protesten testuinguruan, AAPPren arabera, eta horietatik 300 inguru aske utzi dituzte.

Azken egunetan areagotu egin dira junta militarraren aurkako protestak Myanmarren, eta asteburuan izan dira handienak. Larunbatean ere milaka lagunek eskatu zieten militarrei agintea uzteko eta atxilotutakoak askatzeko. Istiluak izan ziren orduan ere, eta 479 lagun atxilotu zituztela jakinarazi zuen orain militarren eskuetan dagoen MRTV telebista kate publikoak, atzo.

Akusazio gehiago Aung San Suu Kyiri

Bestalde, telematikoki egin den auzi saio batean bere burua aurkeztu behar izan du gaur Aung San Suu Kyi Myanmarko Estatu kontseilariak, zeina armadak agintea hartu zuenetik preso dagoen. Junta elektoralak egozten dio herrialdean walkie-talkieak sartu izana eta pandemia betean hauteskunde kanpaina bat egitea, eta atzo jakin zen junta horrek haren kontrako kargu berriak aurkeztu dituela. Horrez egin, egotzi diote telekomunikazioarekin lotutako lege bat haustea eta herritarrak desordena publikoak egitera bultzatzea, haren abokatu Nay Tuk jakinarazi duenez.

Publikoki agertzea galarazita dauka Aung San Suu Kyik, eta horregatik deklaratu behar izan du telematikoki. Junta militarrak ez du haren inguruko informaziorik zabaldu, baina zenbait hedabidek zabaldu dute Naypyidaw hiriburuan dutela. Auzi saioaren osteko agerraldian, politikariaren abokatu Khin Maung Zawek adierazi zuen «osasun egoera onean» dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.