Garbiketa

Lau eguneko grebara deitu dute Gipuzkoako eraikinen garbitzaileek

Kale garbitzaileek baino 5.000 euro gutxiago irabazten dituzte urtean, eta %80 emakumeak dira

Eskola bateko garbitzaile bat bulego bat atontzen. GORKA RUBIO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko martxoaren 1a
11:56
Entzun

Gipuzkoako eraikinen garbitzaileek greba egingo dute hilaren 15etik 18ra, biak barne. ELAk, LABek eta UGTk eginiko deialdia da, eta haien helburua “soldata arrakalarekin amaitzea” eta negoziazioari “merezi duen seriotasunarekin” ekitea da. Izan ere, garbitzaileek salatzen dutenez, esaterako, kale garbitzaileek baino 5.000 euro gutxiago irabazten dituzte urtean.  

Zifra orokorra ehunekotara eramanda, %28ko aldea dago kale garbitzaileen eta eraikin eta lokalen garbitzaileen artean: kale garbitzaileek 23.183 euro jasotzen dituzte urtean; eraikin eta lokalen garbitzaileek, 17.784. Hau da, 5.401 euroko aldea dago. 6.500 lagun aritzen dira Gipuzkoako garbikuntza sektorean eraikinak eta lokalak garbitzen; horietatik 1.500ek baino gehiagok enpresa ituna dute. Horietatik %80 emakumeak dira, eta kontratu partzialak dituzte. Kale garbiketan, berriz, gehienak gizonak dira. 

Grebaren berri emateko agerraldian, langileek aldarrikatu dute pandemia honetan garbitzaileak lehen lerroan jardun direla, eta, hala ere, beren lanak ez duela jaso merezi zuen aitortzarik. «Pandemiak iraun bitartean ez da garbiketa jarduera gelditu, indartu baizik. Zergatik? Agintariek funtsezkotzat jo gaituztelako, funtsezkotzat, gizarteak eta ekonomiak beren jarduera modu seguruan jarraitu ahal izateko», kritikatu dute.

Sektorearen pandemia nagusia «prekaritatea» dela salatu dute, eta urtarrilean eginiko grebaren ondoren hasitako negoziazioen berri eman. Azaldu dute aurretik, 2019an eta 2020an, ez zutela soldata igoerarik izan, eta, urtarrileko protestaren ondoren, enplegatzaileen eskaintza %0,5 igo dela 2021 eta 2022rako. Horrenbestez, igoera proposamena %1ekoa da 2021erako, eta %1,5ekoa 2022rako. Sindikatuek, halaber, behin-behinekotasunaren aurkako neurriak eskatu dituzte, eta etor daitezkeen murrizketen aurkakoak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.