Trinketa

Ducassouk bosgarrenez jantzi du Frantziako txapela

Luis Sanchezi 40-39 irabazi dio Banakako Txapelketa Nagusiko finala, eta hirugarren txapela eskuratu du jarraian. Sanchez txapelketa irabazten duen Hegoaldeko lehen pilotaria izatetik tanto bakarrera geratu da.

Battitta Ducassou, atzo, Frantziako txapela jantzita, Hazparneko (Lapurdi) Berria trinketean. GUILLAUME FAUVEAU
2021eko martxoaren 1a
11:59
Entzun

Faboritoa gailendu zen atzo Hazparnen (Lapurdi). Frantziako Txapelketako finala jokatu zuten azken urteetako trinket jokalari onenak, Battitta Ducassouk, eta profesionaletan duela urtebete eskas debuta egin zuen Luis Sanchez iruindarrak. Finalaren aurretik Sanchezek berak jo zuen faboritotzat Ducassou, baina ez zizkion gauzak erraz jarri, eta bere lehen txapela eskuratzetik tanto bakarrera geratu zen. Irabazi izan balu, txapel hori janzten duen Hegoaldeko lehen pilotaria bilakatuko litzateke.

Ducassouk bosgarrenez bilakatu da Frantziako txapelduna, eta hirugarren txapela irabazi du jarraian. Garaileak berak aitortu du partida «oso zaila» izan zela, eta biek egin zutela neurketa «oso latza». Sanchezen lana ere aitortu du, bietako edonork irabaz zezakeelako. Pozik agertu da Ducassou: «Txapelketaren hastapenean burumakur nengoen, baina pixkanaka konfiantza berreskuratzen joan naiz, txapela lortu arte. Uste dut gauza handia dela».

Atzoko neurketan ere gorabeherak izan zituzten bi pilotariek. Hasieran hobeto ibili zen Ducassou, aurrea hartu zuen, baina ondoren sakez min handia egin zion Sanchezek, eta hala heldu ziren 39ko berdinketara arte. 

Atzoko porrotak ez dio meriturik kentzen Sanchezek azken hilabeteetan erakutsitakoari. Pilotariak berak aitortu du lanak dituela sinesten zenbat gauza lortu dituen profesionaletan daraman urtebete pasatxoan: «Ez nuen espero halakorik, inondik inora». 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.