Industria

Sarrallek puntako teknologiako altzairutegi bat instalatuko du AEBetan

Proiektu estrategiko bat eskuratu du Azpeitiko taldeak: siderurgia lantegi oso bat altxako du Alabaman, Arcelor Mittalentzat eta Nippon Steel Corporationentzat. Arku elektrikozko labe bat oinarri duela, munduko altzairutegi aurreratuenetakoa izango da ikuspegi teknologikotik.

ArcelorMittalen altzairutegi bat, AEBetan. SARRALLE
Irune Lasa.
2021eko martxoaren 1a
12:05
Entzun

Proiektuaren ezaugarriengatik eta tamainarengatik, taldearentzat mugarria izango den eskari bat lortu berri du Sarrallek, «aurrera jauzi handia». Azpeitiko taldeak, azken belaunaldiko altzairuak ekoizteko siderurgia lantegi bat instalatuko du Mobilen (Alabama, AEB), osorik eta erabat berria. Arcelor Mittalentzat eta Nippon Steel Corporationentzat. Lantegia 2023. urteko lehen erdirako eraikiko da, eta goi kalitateko 1,5 milioi tona altzairu xafla ekoitziko ditu, gehienbat automobilgintzarako.

«Bai produktibitatean bai ingurumen inpaktuan» munduko altzairutegi aurreratuenetakoa izango dela azaldu du Sarrallek. Eta asmoa da puntako teknologiak erabiltzea «lantegi adimentsuagoa, automatizatuagoa, ekologikoagoa, efizienteagoa eta seguruagoa» egiteko.

Lantegia Sarralleren beraren Blue Efficient Arc arku elektrikozko labe baten inguruan altxatuko da, eta euskal taldeak hornituko du beharrezko beste osagarri ugariz ere: besteak beste, koilara-labe bikoitza; materialak manipulatzeko planta bat operaziorako estazioak elikatzeko eta, besteak beste, aurrez erreduzitutako materialak labera gehitzeko; Sarralleren beraren keak ateratzeko puntako sistema; eta sare elektrikoaren baldintza zorrotzenak betetzeko sistema ere.

Alabamakoa ez da izango ingeniaritza industrialeko euskal taldeak Arcelor Mittalentzat egiten duen lehen lana, harentzat 50 proiektu baino gehiago egin baititu azken 55 urteetan. Sarrallek, siderometalurgian ez ezik, ingurumenaren eta energiaren sektoreetan ere jarduten du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.