Datuak

Abuztutik izan den kutsatu kopururik apalena atzeman dute Hegoaldean

Osakidetzak eta Osasunbideak 284 kasu zenbatu dituzte igandean, eta positiboen ehunekoa %4,8 izan da. 139 lagun daude ZIUetan erietxeraturik.

Bi erizain COVID-19a atzemateko testak egiten, Zarautzen, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko martxoaren 1a
12:54
Entzun

Egunetik egunera, koronabirusaren transmisioaren geldotzea gero eta agerikoagoa da Hego Euskal Herrian. Egun bakarrean atzemandako positiboei dagokienez, azken zazpi hilabeteetako daturik apalena izan da Hegoaldean: 6.000 proba egin dira, eta 284 kasu zenbatu dituzte. Zehazki, adierazle hori abuztuaren 4an izan zen azken aldiz langa horretatik beherakoa, 224 positibo zenbatuta.

Lurraldez lurralde, Bizkaian detektatu dituzte kasu positibo gehien: 128. Hegoaldeko gainerako herrialdeetan, berriz, kasu kopuruak ez du inon gainditu 100 kasuen langa: Gipuzkoan, 72 kasu izan dira; Nafarroan, 42, eta Araban, berriz, 41.

Ospitaleei dagokienez, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, atzo 22 lagun ospitaleratu zituzten Hegoaldeko zentroetan gaitzarenagatik; horiek guztiak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erietxeratu zituzten; izan ere, Osasunbideak jakinarazi du atzo ez zela inor eraman ospitalera gaitzarengatik foru erkidegoan. Halaber, azken datuen arabera, oraintxe bertan 353 pertsona daude Hegoaldeko ospitaleetako gela arruntetan, eta 139 daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.